Estella-Lizarrako Udalak, Navark eta Leache Restauracion enpresekin lankidetzan, bisita gidatuak antolatu ditu Eguberri hauetarako Hilobi Santuaren elizaren iparraldeko fatxada zaharberritzeko obretara. Obra horiek Vianako Printzea Institutuaren Kultura Zuzendaritza Nagusiak sustatu eta finantzatzen ditu. Lanak joan den urrian hasi zituzten, eta 2025eko ekainean amaitzea espero dute.
Jarduera Merkataritza, Turismo eta Ostalaritza eta Euskara arloetatik sustatzen da. Cristina Perez Turismo zinegotziak eta Josean Sanz Mosquera Navarkeko gerenteak gaur aurkeztu dituzte bisita horiek; abenduaren 23an, 26an, 27an eta 30ean, eta urtarrilaren 2an eta 3an izanen dira. Gaztelaniaz eta euskaraz izanen dira, eta hiru ordutegi izanen dituzte: 9.00, 10.15 eta 11.45, eta 50 minutu inguruko iraupena. Prezioa 6 eurokoa da, kudeaketa gastuak barne, eta sarrerak online bakarrik eros daitezke, webgune honetan: https://visitarestella.com/visita-restauracion-sepulcro-estella/
Bisita “apartekoa” da, zaharberritze-lanak egiten ari baitira, eta 16 pertsonara mugatuta dago, obren aldamiora igo behar baita. Halaber, 16 urtetik goitikoentzat eta mugikortasun arazorik, bertigorik eta abarrik ez dutenentzat diseinatuta dago. Horregatik, oinetako egokiak eramatea gomendatzen da.
Zinegotziak nabarmendu du obrak “ikuspegi paregabetik” bisitatzeko aukera berezia dela, eta gaineratu du jarduera horren bidez modu erakargarrian zabaldu nahi dela Leache Restauracion enpresa egiten ari den lana, baita ondarea babesteko ekintzen inguruan sentsibilizatzea eta, era berean, Gabonetako egun hauetan interes turistikoko foku bat sortzea ere.
BISITEN XEHETASUNAK
Bisita gidatuek 3 gidari ezberdin izanen dituzte eta horietako bakoitzak bere ukitu pertsonala emanen die. Alba Bergaretxea (Artearen historialaria), Alberto Oiz (kazetaria eta historialaria), eta Iñaki Rifaterra (Magisteritza irakaslea eta artista). Gainera, zaharberritzaile taldea ere egonen da.
Bertan, oso gertutik ezagutu ahal izanen dira ikonografia gotikoaren sekretuak, zaharberritzaileen lan zorrotza eta harri bakoitzaren atzean ezkutatzen den historia, Navarketik azaldu dutenez. Horregatik jarri diete izenburu gisa: ‘Ikonografia eta zaharberritzea: iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa’.
Une honetan, zaharberritze-lanak garbiketan eta patologiak hautematean oinarritzen dira, “azpitik zer dagoen aurkituz”, aurreratu du Sanz Mosquerak. Bere ustez, Aste Santu aldera interesgarria izanen litzateke bisitak berriro egitea, baina, logikoki, obren beste une aurreratuago batean.