2025eko uztailak 21

Segurtasun Batzordearen bilera festei buruzko xehetasun guztiak zehazteko, erasoen eta ebasketen prebentzioan arreta jarrita

Foto noticia

Gaur goizean Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan Segurtasun Batzordearen ohiko bilera egin da, herriko festak direla-eta, operatibo bereziaren azken prestaketak ixteko. Jaiak datorren ostiralean hasiko dira, abuztuaren 1ean, eta abuztuaren 7ra arte luzatuko dira.

Bileran parte hartu dute Marta Ruiz de Alda alkateak, Ana Duarte Festetako zinegotziak eta Udaleko Prebentzio Arloko, Udaltzaingoko, Foruzaingoko, Guardia Zibileko, Polizia Nazionaleko Atzerritarren Taldeko, Suhiltzaileen eta Gurutze Gorriko ordezkariek.

Era guztietako erasoen eta lapurreten prebentzioa indartzea izan da foku nagusietako bat, batez ere jende gehien biltzen den uneetan, telefono mugikorren lapurretei arreta berezia jarriz, azken urteetan gertatzen ari den bezala. Ondoren, sexu-erasoen prebentzioan bideratutako beste bilera bat eginen da.

Foruzaingoak eta Guardia Zibilak areagotu eginen dituzte hirira sartzeko eta handik irteteko kontrolak, alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea saihesteko. Adingabeen alkohol kontsumoaren eta salmentaren prebentzioan eta faltsututako produktuen salmentan ere arreta jarriko da.

Aurreko urteetan bezala, ‘Joan eta Etorri’ zerbitzuko autobusak ez dira hirigunera sartuko kontzentrazio handiko uneetan trafiko kolapsoak saihesteko. Bidaiarien igoerak eta jaitsierak Merkatondoan eta zezen plaza inguruan eginen dira. Uztailaren 30etik aurrera, aparkalekuak jarriko dira Lizarra Ikastolan eta Remontival Ikastetxean.

Gogorarazi dutenez, astelehenetik ostegunera eginen diren entzierro guztiak zekorrekin eginen dira, eta horrek arrisku handiagoa ekarriko die korrikalariei, eta parte-hartze handia aurreikusten da. Arreta handiz ibiltzeko deia egin dute.

Festetan polizia etengabe egonen da, Udaltzaingoko plantilla osoa lanean egonen baita. Salaketa penalak, berriz, Foruzaingoaren edo Guardia Zibilaren bulegoen bidez izapidetu beharko dira, eta bi bulego horiek 24 orduz egonen dira operatibo.

AZKEN FESTETAKO DATUAK

2024ko festetan 10 atxilotu zenbatu ziren, eta, beste datu aipagarri batzuen artean, ondarearen aurkako 12 salaketa egon ziren ebasketengatik eta lapurretengatik, baina bat ere ez indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurretengatik. Horrez gain, 4 salaketa jarri ziren nahita eragindako kalteengatik, 2 lesioengatik eta 5 genero-indarkeriagatik.

Era berean, 54 salaketa jarri ziren Herritarren Segurtasuna Babesteko Legearen aurka (drogak edukitzea, errespetu falta, erresistentzia eta desobedientzia, ordena publikoa aldatzea edo debekatutako armak edukitzea), eta 10 udal-ordenantzak ez betetzeagatik (pixa egitea, txabiskeak, etab.). 2.699 alkoholemia-proba egin ziren, eta 15 positibo eman ziren.

Segurtasuna erantzukizun partekatua dela gogorarazi du Udalak, eta jaiez errespetuz, gizalegez eta arduraz gozatzeko deia egin die herritarrei.

 

 

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba