Estella-Lizarrako Udalak gaur goizean aurkeztu du Puyko Ama Birjinaren eguna dela-eta antolatutako programazioa. Aurten, maiatzaren 22tik (ostirala) 25era (astelehena) ospatuko da, hiriko zaindariaren eguna.

Ana Duarte Kultura zinegotziak eta Azucena Polo Berdintasun zinegotziak parte hartu dute aurkezpenean, eta Udalak bultzatutako jarduera eta programazio guztietan Berdintasun arloak duen zeharkako izaera nabarmendu dute.
Programazioa ostiralean, maiatzak 22, hasiko da, txosnetan eta San Martin plazan eginen diren jarduerekin, Gazteriarentzako egun handiaren aperitibo gisa. Larunbatean, herri-bazkari handi bat eginen da, 97ko bosgarrenak antolatuta. Ondoren, zozketak eta Julen Axperen bakarrizketa izanen dira.
Entzierroak, entzierrotxoak eta bigantxak izanen dira larunbatean eta igandean, ordutegi ezberdinekin; larunbatean ere goizean irtengo da Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa; eta bi egunetan puzgarriak eta aurpegi margoketak egonen dira haurrentzat.
Larunbat gauerako (23.15ean), Foruen plazan, Me fritos and the gimme cheetos taldea izanen da, “Espainian antolatzen diren hainbat jaialditan arrakasta ugari jasotzen ari dena”, adierazi du zinegotziak, eta ondoren Dj saioa izanen da Mikel Sevillanorekin.

Igandean, berriz, joten musika izanen da eguerdian Orgullo Navarro taldearekin, eta hori ere San Jeronimo egoitzan ariko da puska bat lehenago, musika adinekoei eramateko.
Eta astelehenean, egun handia, ohiko ekitaldiei, hala nola Udalbatzaren igoera basilikaraino, beste ekitaldi tradizional bat gehituko zaie, esaterako Txerrikumearen Gorazarrea herri bazkaria, Chuchín Ibáñezen bazkalostearekin.
Festen aurrekontua 25.000 eurokoa da, azkenean ez baitzen aurrera atera gerakinatik 10.000 euro gehiagorekin berrindartzeko proposamena.

Berdintasuneko zinegotziak gaineratu du Koroatze plazan Puntu Lila bat jarriko dela larunbatean, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 23:00etara, eta bertan gidak, eskumuturrekoak, pinak eta abar banatuko direla. Era berean, Udalak esku erraldoi bat erosi du, berdintasunaren ikurra, egun seinalatuetan kalean jartzeko.
Bi zinegotziek “gozamen handiko festak, lasaiak eta errespetuzkoak” izateko gogoa adierazi nahi izan dute.