2025eko apirilak 24

Polizia Nazionalak Dokumentazioa Eguneratzeko Puntu bat jarri du martxan Estella-Lizarrako udaletxean

Puntu horiek NANaren ziurtagiri digitalak polizia-etxe batera joan gabe berritzeko aukera ematen dute, baita MiDNI mugikorrerako aplikazio berrira sartzeko aukera ere

Foto noticia

Gaur goizean, Polizia Nazionalaren Dokumentazioa Eguneratzeko Puntu bat aurkeztu eta abiarazi da Estella-Lizarrako udaletxean. Oso terminal intuitiboa da, eta aukera ematen du NANaren ziurtagiri digitalak berritzeko eta NAN digitala izapidetzeko, estreinatu berri den MiDNI aplikazioarekin erabiltzeko.

Alicia Echeverria Gobernuaren ordezkaria eta Manuel Jesus del Collado Nafarroako Poliziaren buruzagi nagusia Lizarrara etorri dira PAD berria aurkeztera, eta Marta Ruiz de Alda alkateak eta zenbait zinegotzik harrera egin diete. PAD hori Nafarroan jarri diren lauetako bat da, Zangozakoarekin, Irunberrikoarekin eta Faltzesekoarekin batera. Guztira Espainian 301 jarri dira.

Orain arte, PADak Polizia Nazionalaren komisarietan bakarrik zeuden, eta, beraz, NANaren ziurtagiriak iraungitzen zirenean edo lotutako pasahitza aldatzeko, beharrezkoa zen, Nafarroaren kasuan, Iruñera edo Tuterara joatea izapidea egiteko.

MiDNIrako sarbidea erraztea

Dokumentazioa eguneratzeko guneen garrantzia are handiagoa da mugikorrean instala daitekeen NAN digital berriaren etorrerarekin. NAN digitalak eskatzen du datu pertsonalak erabat eguneratuta egotea behar bezala funtziona dezaten, eta PADek aukera ematen diete herritarrei eguneraketa horiek egiteko.

NAN digitala edukitzeko, hiru fase bete behar dira: herritarraren identitatea telefono mugikorraren zenbaki batekin lotzen duen aurretiko erregistroa, MiDNI aplikazioa deskargatzeko, NANa birtualizatzeko eta prozesua egiaztatzeko aukera ematen duena. Garrantzitsua da jakitea NAN bakarra telefono-zenbaki bati lot dakiokeela.

Erregistroa egiteko, NANak indarrean egon behar du, eta haren ziurtagiri elektroniko aktiboek; webgunean egiten da hori www.midni.gob.es, PAD horien bidez.

Aplikazioa erregistratu eta deskargatu ondoren, NANa birtual egin ahal izanen da. Hala ere, NAN fisikoa eta mugikorraren bidezko identifikazio digitala batera egonen dira, eta horrek ez du ohiko agiria ordezkatzen.

Alkateak eskertu du hiria kontuan hartu izana eskualde osoari zerbitzua emanen dion PAD horietako bat instalatzeko. “Eskerrik asko gure herritarrei zerbitzuak hurbiltzeagatik; beti da ona joan-etorriak aurrezten dituen hau bezalako teknologiarik ezartzea”, esan du.

PADa Udaltzaingoaren ondoko espazioan jarri da, zerbitzuaren ordutegi handiagoa bermatzeko, gutxi gorabehera 8.00etatik 20.00etara izanen dena.

 

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba