2025eko urriak 16

Udaltzaingoak patinete elektrikoen erabilera kontrolatzeko kanpaina hasiko du azaroaren 1ean, ibilgailu kopurua eta arau-hausteak handitu direla antzeman ondoren

Ohikoenetan jarriko da arreta, hala nola espaloietan eta oinezkoen eremuetan ibiltzea, entzungailuekin ibiltzea edo telefono mugikorra erabiliz joatea, alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea, edo pertsona bat baino gehiago ibilgailu berean joatea

Udaltzaingoak datorren azaroaren 1ean abian jarriko du hirian patinete elektrikoen eta mugikortasun pertsonaleko beste ibilgailu batzuen (VMP) erabilera kontrolatzeko kanpaina. Helburua da zirkulazio segurua eta errespetuzkoa bermatzea, bai erabiltzaileentzat, bai oinezkoentzat.

Azken hilabeteotan antzeman da mota horretako ibilgailuak nabarmen ugaritu egin direla, baita arau-hausteak eta istripuak ere, horietako batzuek oinezkoei lesioak eragin dizkietelarik. Hori dela eta, zaintza areagotzea eta zirkulazio arauak betetzeari buruz kontzientziatzea erabaki da.

Hauek dira arau-hauste nagusiak:

  • Espaloi eta oinezkoentzako guneetako zirkulazioa: aurreikusitako salbuespenetatik kanpo zirkulatzea (patinetea eskuan) arau-hauste larria da Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren arabera, eta 200 euroko zehapena du.
  • Alkohol-tasei eta drogen presentziari buruzko arau-hausteak: patinete elektrikoak gidatzen dituzten pertsonek alkohol- eta droga-probak egin behar dituzte, beste edozein gidarik egiten duen bezala. Uko egiteak 500 eta 1.000 euro arteko zigorrak dakartza, eta positibo emateak zenbateko bereko isunak ere badakartza. Baimendutako alkohol-tasa (0,25 mg/l) gainditzen bada edo drogak detektatzen badira, ibilgailua ibilgetu eta gordailuan utz daiteke.
  • Telefono mugikorra: Zirkulazioko Erregelamendu Orokorreko 18.2 artikuluak debekatu egiten du gidatzen den bitartean telefonia mugikorreko gailuak eta beste edozein komunikazio-bitarteko edo -sistema erabiltzea. Beraz, gidariaren aurkako salaketa jarriko da arau-hausteagatik (200 euroko isuna).
  • Bi pertsona VMP batean zirkulatzea: debekatuta dago pertsona bat baino gehiago zirkulatzea; zehapena 100 eurokoa da (Zirkulazio Araudi Orokorraren 9.1 artikulua).
  • Entzungailuak erabiltzea: Ezin dira soinu-aparatuei lotutako kaskoak edo aurikularrak erabili gidatzen den bitartean; kasu horietan, isuna 200 eurokoa da (art. 18.2).
  • Gauez argirik eta elementu islatzailerik gabe zirkulatzea: Zuhurtziarik gabe gidatzea jotzen da eta zigorra 200 eurokoa da (Zirkulazio Arautegi Orokorreko 3.1. artikulua).

Horrez gain, badira Udaltzaingoak egin nahi dituen gomendio batzuk, ibilgailu mota hauek duten zaurgarritasun berezitasuna dela eta. Besteak beste, kaskoa eramatea, gerta daitezkeen inpaktuak prebenitzeko, edo 16 urtetik aurrera gidatzea.

 

Gainera, gogorarazten da urtarrilaren 2tik aurrera derrigorrezkoa izanen dela erantzukizun zibileko asegurua izatea horrelako ibilgailuak gidatu ahal izateko eta, gainera, DGTren erregistro batean izena ematea.

 

 

 

 

 

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba