2023ko urtarrilak 27

Montejurra Bizi! Trail Running zentro iraunkorra aurkeztuko du Madrilen. Aste gutxiren buruan jarriko da martxan, eta estatuko Sare bateko kide da

Zailtasun ezberdineko lau ibilbide ditu, Arellanon, Arroitzen eta Aiegin harrera guneak dituztenak

Foto noticia

Inguruko hamaika herriek osatzen duten Montejurra Bizi! elkarteak Trail Running zentro iraunkorra aurkeztu zuen atzo Madrilen, Kirol Kontseilu Gorenaren egoitzan, Estatuko Sare horretako gainerako erakundeekin batera. Oraingoz, 27 probintzia atxiki dira landa-inguruneko erreferentziazko turismo-lekuei lotutako 27 zentrorekin, eta, etorkizunean, askoz gehiagotara iristea espero da, Espainiako Atletismoko Errege Federazioak akreditatuta eta babestuta.

Elkarteko lehendakaria eta Deikazteluko zinegotzia, Mikel Azcona, Madrilera joan zen Iñigo Labatekin, laguntza teknikoaren arduraduna, Montejurrako zentro iraunkorraren xehetasunak azaltzeko. Aste gutxi barru prest egonen dela espero da.

Merindadeko proiektuak, Nafarroan bakarra denak, harrera guneak izanen ditu Aiegin (Ardantze), Arroitzen (kiroldegiaren ondoan) eta Arellanon (Parraleko plaza), zailtasun maila desberdinetako lau ibilbide, koloreen arabera bereizten direnak: berdea, urdina eta gorria.

Iñigo Labaten esanetan, “ibilbideek Montejurra zeharkatzen dute oso-osorik, hegoaldeak Arroitzen eta Arellanon, eta iparraldeak Aiegitik ateratzen da. Horiek guztiak, gainera, hor egin ohi diren kirol-probetan oinarritzen dira, hala nola Arroizko Montejurra Trail eta Cross Trail lasterketetan, ‘Bidegurutzeen igoera’ esanguratsuena izanik.

Era berean, bere profilaren bidez ibilbide irisgarriak direla azpimarratzen du, “zailtasun tekniko handirik ez dutenez, zailtasunak fisikoak dira, baina familiek ere egin ditzakete”.

PROIEKTUAREN HELBURUAK

Proiektu honen helburua da, batetik, landa-ingurunean kirola segurtasunez egiteko ibilbide batzuk seinaleztatzea, eta, bestetik, helburu handiago bat lortzen lagunduko duen kirol-turismo produktu berri bat sortzea, herri horietan guztietan populazioa galtzea eragozteko. Hori guztia Montejurrak beste erabilera batzuk dituela eta horiekin guztiekin bateragarria dela eta ingurumena errespetatzen duela ulertuta.

Montejurra Bizi! elkarteko lehendakari Mikel Azconak uste du Estatuko proiektu honetan sartu izanak balio handia duela, “Atletismo Federazioak ematen digun bultzada eta sustapena oso garrantzitsua baita”. Hain zuzen ere, atzo Madrilen egin zen aurkezpenean, agintari askoren babesa izan zuten, besteak beste, Kirolerako Estatu Idazkaria, Juan Manuel Franco, edo Federazioko lehendakaria, Raúl Chapado.

Azconak ere balioa eman zion elkartea osatzen duten hamaika herrien ahaleginari, Estellerriko eskaintza turistikoa indartzen lagunduko duelakoan. Hain zuzen, Sareak web plataforma bat sortzea aurreikusten du, zentro iraunkor guztiak eta dauden landa-eremuak sustatzeko.

ESTELLA-LIZARRA, OSO POZIK

Estella-Lizarrako Udalak, Montejurra Bizi! Elkarteko kide herria den aldetik, begi onez ikusten du “turismo aktibo eta osasungarri baten alde” egiten duen proiektu hau, eta, gainera, Merindadea bere osotasunean indartzen laguntzen duena. “Elkartea sortu zenetik haren alde egitea erabaki genuen, Merindadeko proiektu komunen alde egitea eta diru kopuru handia ematea”, adierazi dute.

 

 

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba