Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, datorren astean ‘Antzerkia eskolan’ kultur jarduera berriro eginen da. Bertan 6 eta 12 urte bitarteko Lizarrako mila ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte (Remontival, Santa Ana, Lizarra Ikastola eta Mater Dei). Ekimen hau 1995ean sortu zen, eta Udaleko Kultura eta Euskara departamentuek sustatu dute.
Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 5.era bitarteko ikasleek zuzeneko antzezlan bat ikusteko aukera izanen dute, Los Llanos Kulturagunean. Hiru saio izanen dituzte maiatzaren 4an eta 5ean: bi gaztelaniaz izanen dira (ostegunean, maiatzak 5, 9:30ean eta 11:30ean), eta bat euskaraz maiatzaren 4an (11:30ean).
Oraingo honetan, Nafarroako Producciones Maestras konpainiaren ‘Nire beldurrik maiteenak’ muntaia aukeratu dute. Bidaia dibertigarria haurtzaroan agertzen diren eta, askotan, helduarora arte laguntzen diguten beldurretan barrena.
‘Antzerkia Eskolan’ duela 27 urte sortu zen, hasieran emanaldiak Remontival ikastetxeko areto nagusian egin ziren, eta 2000. urtetik Kulturagunean. Beraz, belaunaldi askok izan dute programa honetan parte hartzeko aukera. Eskola-umeen zaletasuna hasiera-hasieratik interpretazioaren mundura bultzatzeko, antzerkiak hezkuntza-tresna gisa dituen aukerak ezagutzeko eta kultura-ekintza hezkuntzarekin erlazionatzeko sortu zen programa.