Datorren asteartean, maiatzak 20, ‘Estella-Lizarra Inklusioaren Alde Mugitzen Da’ kirolaren bidezko inklusioari buruzko jardunaldi parte-hartzaileak eginen dira Estella-Lizarran. Udalak antolatu ditu, España se Mueve elkarte mugimenduarekin batera. Hainbat ikastetxetako ikasleek hartuko dute parte, eta modalitate inklusiboak praktikatuko dituzte Lizarrerria kiroldegian, 9:30etik aurrera.
Santa Ana, Mater Dei, Remontival eta Lizarra Ikastola ikastetxeek kirol inklusiboak (boccia, gurpil-aulkiko saskibaloia, gurpil-aulkiko slaloma, goalball eta futbol egokitua) praktikatuko dituzte Udalaren eta Nafarroako Kirol Egokituen Federazioaren eskutik, España se Mueve laguntzarekin.
Jardunaldi horiek Leganes, Valentzia, Granada eta Sonseca herrietan egin dira lehenago, eta haien helburu nagusia da eskola-umeek lehen pertsonan bizi dezatela kirolak desgaitasuna duten pertsonentzat duen ahalegina eta garrantzia, eta gizarteak uler dezala kirolak kolektibo horrentzat duen garrantzia, balioetan txikitatik heziz.
Carlos Rubio Kirol zinegotziak azaldu duenez, “Udaletik ikusgarritasun handia eman nahi diogu kirol inklusiboari”. 200 haur baino gehiagok parte hartuko dute asteartean hainbat kirol instalaziotan, eta bertan bertatik bertara ikusi ahal izango dute nolakoa den kirol egokitua eta zer zailtasun aurki ditzaketen desgaitasuna duten kirolariek beren egunerokoan”.
Jarduera hori, España se Muevek Europako Batzordearen Erasmus+ esparruan egiten dituen proiektuen barruan kokatzen da, eta Kirol Kontseilu Gorenaren laguntza du, kirolaren bidezko inklusioarekin lotutako ekimenetan oso sartuta baitago. Gainera, Espainiako Batzorde Paraolinpikoak, ONCE Fundazioak, Espainiako Kirolaren Elkarteak, AEPDk, Radio Marcak eta Deporte Joven fundazioak ere parte hartzen dute.