2026ko martxoak 27

Udaltzaingoak patinete elektrikoak kontrolatzeko kanpaina eginen du datorren astean

Lizarrako Udaltzaingoak datorren aste osoan zehar Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak (MPI) kontrolatzeko kanpaina espezifiko bat eginen du, patinete elektrikoen erabilera ardatz hartuta.

Jarduera horren helburua izanen da bide-segurtasuna indartzea eta ibilgailu horien erabilera arduratsua sustatzea. Horretarako, erabiltzaileek zirkulazioan duten portaera zainduko da —entzungailuen edo telefono mugikorraren erabilera, alkoholaren kontsumoa edo oinezkoen eremuetan ibiltzea barne—, bai eta eskatutako baldintza tekniko eta administratiboak betetzen direla ere.

Ildo horretan, gogorarazten da MPIek zirkulazio-ziurtagiria, DGTko erregistro-dokumentua, nahitaezko asegurua eta identifikazio-etiketa izan behar dituztela. Azken horren kasuan, derrigorrezkoa izanen da 2024ko urtarrilaren 22tik aurrera erositako ibilgailu guztientzat.

Betebehar horiek ez betetzeak zigor ekonomikoak ekar ditzake. Hain zuzen ere, 200 euroko isuna dago ziurtagiri edo identifikazio-etiketarik ez izateagatik. Asegururik eza, berriz, arau-hauste oso larritzat jotzen da: 300 eta 800 euro arteko isunak izan daitezke, ibilgailuaren pisuaren arabera. Halaber, kasu jakin batzuetan, ibilgailuak ibilgetu ahal izanen dira.

 

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Trafiko mozketa Zumalakarregi kalean

Asteazkenetik aurrera, urtarrilaren 21etik aurrera, Zaldutik Zumalakarregi kalera doan ibilgailuentzako sarbidea itxi eginen da, galtzada asfaltatzeko lanak eta inguruko azken...

Volver arriba