Ereintza Abesbatzak hiru kontzertu antolatu ditu maiatzerako, hau izanen baita Udaberriko Zikloaren 26. Edizioa. Lizarrako Udalak 6.400 euro jarriko ditu ekitaldi horretarako, eta hiru emanaldi izanen ditu. Maiatzaren 10ean Ametsa Abesbatzari (Irun) tokatuko zaio, maiatzaren 17an Aizaga Ganbera Abesbatzari (Iruñea) eta maiatzaren 24an Errenteriako Landarbaso Abesbatzari. Guztiak 20:45ean izanen dira, San Juan elizan.
Gaur goizean aurkeztu dute zikloa Kultur Etxean, eta ekitaldi horretan Ana Duarte Kultura zinegotziak eskerrak eman ditu Ereintza aspalditik egiten ari den “lan polit baina neketsuagatik”. “Ziur nago izugarri gozatuko dugula, edizio bakoitzean egin dugun bezala”, gaineratu du.
Ondoren, Ramon Ayerra zuzendariak egitaraua zerrendatu du, baina oraingoan ez da Ereintzaren beraren kontzerturik izanen, apirilaren 14an kontzertu sakroa eskaini baitzuten. “Aurten, Aste Santua hain berandu iritsi denez, ez dugu denbora nahikorik izan hori prestatzeko”, esan du.
Ayerrak zikloak hartu duen ospea azpimarratu du, eta, horren ondorioz, “abesbatza askok, eta izen handikoak, parte hartu nahi dute. Izan ere, eurek deitzen digute etortzeko”, gaineratu du Udalari eskerrak eman aurretik. “Haien ekarpenik gabe ezinezkoa litzateke”.
Amaitzeko, Ayerrak eta Susana Ayucar abesbatzako kideak gogorarazi dute Ereintzan ahots berriak behar direla, bereziki kontraltoak.