Gaur goizean, ofizialki inauguratu da Remontival IPan Estella-Lizarrako Udaleko Ingurumen Arloak ikastetxearekin lankidetzan sustatutako proiektua. Proiektuaren izenburua hau da: ‘Klima-egokitzapenerako patioa, hezkuntza-baliabide iraunkorra eta osasungarria Remontival IPan’. Marta Ruiz de Alda alkateak eta Yoana Corres ikastetxeko zuzendariak azaldu dituzte proposamen horri buruzko xehetasun guztiak. Proposamen hori Udalak klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko hartutako konpromisoen testuinguruan sortu zen.
Izan ere, gogoratu behar da Udala ez dela bakarrik Klima eta Energiarako Alkateen Itunaren sinatzailea, baizik eta Estella-Lizarrako Klimaren aldeko Itun bat sinatzea ere sustatu duela, eta hitzarmen horri 25 erakunde atxiki zaizkio, enpresen, sindikatuen, hezkuntza-erakundeen eta herriko elkarteen artean, alkateak gogorarazi duenez.
Aurkezpenean Inma Alonso Udaleko Ingurumen teknikaria eta ikastetxeko ordezkariak izan dituzte lagun. Horietako bik -ikasle mutiko bat, Ametz García, eta ikasle neska bat, Nora Solano- zinta sinbolikoa moztu dute proiektua inauguratzeko.
PROIEKTUA
Patioan, eraikinera sartzeko gunean, asfaltozko eremu bat kendu da, eguzkitan denbora asko egoten dena eta “bero-uharte” efektua nabaria duena, eta klima aldaketari egokitzeko eremu bat sortu da, zuhaitzak, zuhaixkak, landare aromatikoak eta baita ureztaketa ere dituena. Hala, bero- eta hotz-gertaeren aurrean babesa lortzen da, jasangarritasuna eta biodibertsitatea sustatzen dira, eta gela osagarri gisa erabiltzen da edozein ikasgairekin, gogoratu du Ruiz de Aldak.
Lanak joan den udan hasi ziren Ahora Clima enpresaren zuzendaritzapean, eta hainbat fase izan dituzte: zoladura zulatzea, lurra botatzea eta zuhaitzak, zuhaixkak, landare estaltzaileak eta belardiak landatzea. Erliebe desberdinak sortu ziren, ureztatze-sistema eraginkorra ezarri zen eta drainatze-eremu iraunkorra egokitu zen, zoladuraren ordez berdegune bat jarri baitzen, infiltrazioa errazteko. Halaber, sarbide perimetrala eta zentrala jarri dira, material birziklatuz egindako altzariak eta seinaleak barne.
Guztira 350 metro karratu belardi dira, 40 zuhaitz autoktonoekin (haritza, artea, makala, astigarra, intxaurra, almeza eta ezkia), 40 zuhaixkarekin (gurbitza, erramua, abelia eta photinia), 80 landare aromatiko eta loredun bizikor (erromeroa, izpilikua, salbia eta gaura). Halaber, informazio panelak, hiru banku eta ureztatze sistema jarri dira.
Proiektuaren zenbateko osoa 49.138,60 eurokoa da (BEZa barne), eta 20.000 euro lortzen dira, gehienez ere, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak 2030eko Tokiko Ekintza Plana (2023. urtea) gauzatzeko toki-erakundeei ematen dizkien dirulaguntzen deialdian.
Hilabete hauetan, gainera, parte hartzeko zenbait jardunaldi egin dira ikastetxeko ikasleekin, landaketa-ekintzetan laguntzeko, eta espazioaren errespetuan eta zainketan parte hartzeko. Horregatik, Udalak bereziki eskertu nahi du ikastetxeko zuzendaritza taldearen laguntza.
BESTE JARDUERA BATZUK
Alkateak gogorarazi duenez, proiektu horretaz gain, Udalak lanean jarraitzen du beste proiektu batzuetan ere klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari dagokionez: Los Llanos parkean argiak aldatzea (emisioak murriztuz); Arieta eta Lizarra auzoetako energia-komunitateak (energia berriztagarriak sustatuz); edo Tafalla kalean amaitzear dagoen klima-egokitzapeneko lorategia (berdegune berriak).