2025eko otsailak 2

Estella-Lizarrako atletismo pista gaur goizean inauguratu da. Dagoeneko homologatuta dago eta 1,39 milioi euroko inbertsioa egin da

Aste honetatik aurrera arratsaldez ere herritarrei zabalduko zaie erabilera, eta laster egun osoan zehar entrenatu ahal izateko sistema jarriko da

Foto noticia

Estella-Lizarrako Udalak, hainbat agintariren presentziarekin, herriko atletismo pista berria inauguratu du gaur goizean, Oncineda alderdian. Instalazioa, 250 metroko soka duena eta azaroaren amaieran homologatu zena ofizialki, Iranzu Atletiko Kluba erabiltzen ari da dagoeneko eta gainontzeko herritarrei ere zabalduko zaie bihartik aurrera, hau da, astelehenetik.

Ekitaldian, Marta Ruiz de Alda alkateaz eta Carlos Rubio Kirol zinegotziaz gain, hainbat zinegotzi izan dira, baita Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo kontseilaria ere; eta Maria Velazquez Nafarroako Atletismo Federazioko presidentea, eta Jorge Aguirre Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari kudeatzailea. Iranzu Atletiko Taldeko eta herriko beste kirol talde batzuetako ordezkariak ere izan dira, Udaletik gonbidatu dituztenak.

Guztiak bat etorri dira pistaren garrantzian, hirian kirol praktika osatu eta hobetzeko. Ekitaldian Virgen del Puy San Andres dantza taldea eta Hermanos Montero gaiteroak ere izan dira, Larrain Dantza interpretatzeko.

Gainera, Udaleko Ostalaritza Tailer Eskolako ikasleek aperitibo bat prestatu dute bertaratzen direnentzat.

Inaugurazio zinta mozteko ardura hainbat pertsonak hartu dute: Marta Ruiz de Alda alkateak, Rebeca Esnaola kontseilariak eta Jihad Essoubai eta Manu Quijera nafar atletak.

PISTAREN XEHETASUNAK

Pistak –herri-bozketa bidez, oraindik ere ‘La estellica fugaz’ izena gehitu zitzaion– 1.398.500 euroko inbertsioa ekarri dio Udalari, hor sartuta memoria baloratua, proiektua, obra zibila, obraren zuzendaritza, homologazioa eta materiala gordetzeko txabola, finish argazkirako txabola eta jaurtiketetarako kaiola. Horietatik Nafarroako Gobernuak 520.000 euro jarri ditu (20.000 proiekturako eta 500.000 obretarako)

Lau kale dituen eta zuzenean seira zabaltzen den instalazio honetan atletismoaren ia diziplina guztiak praktikatu daitezke: abiadura, iraupen ertaina, hesiak, luzera jauziak, jauzi hirukoitza eta altuera jauzia (laster pertika ere bai), pisu jaurtiketak, mailua, xabalina eta diskoa, baita martxa ere.

INSTALAZIOA ERABILTZEA

Iranzu Atletiko Klubak instalazioari ematen dion erabileraz gain, aste honetatik aurrera herritarrek ere erabili ahal izanen dute, baina murrizketa batzuekin. Klubaren ordutegi bera izanen du, arratsaldetan, astelehenetik ostegunera, eta gehienez 8 pertsona joan ahal izanen dira aldi berean, ordubeterako gehienez. Zehazki, astelehenetan 17:30etik 20:00etara; astearteetan 17:15etik 20:00etara; asteazkenetan 17:15etik 20:30era; eta ostegunetan 17:30etik 20:00etara.

Parte hartu aurretik, antolaketa arrazoiak direla eta, izena eman beharko da Udaleko Kirol Arloan, aurrez aurre edo posta elektronikoaren bidez: deportes.kirolak@estella-lizarra.com. Doakoa izanen da.

Baldintza horiek guztiak aldi baterakoak dira, aste gutxiren buruan behin betiko arauuko baita erabilera. Fitxa elektroniko baten bidez eginen da eta zehazten ari den tasa txiki bat ordaindu beharko da. Ordutik aurrera, goizez zein arratsaldez erabili ahal izango da, aurrez erreserba eginda eta askoz modu autonomoagoan.

 

 

 

 

 

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba