Nafarroako Erresumako banderak Lizarrako gazteluetan
Lizarrako gazteluen hondakinak kontserbatu, berreskuratu eta balioztatzeko jarduketetan beste urrats bat emanez, Udalak Nafarroako Erresumako banderak jarri ditu Gaztelu Nagus...
Estella-Lizarrako Udalak Nafarroako Gobernuko Turismo Bulego zaharraren lokala prestatu du, Gustavo de Maeztu Museoaren ondoko eraikinean, hiriko Udal Artxibo berri gisa, eta han bildu ditu 1975 arteko funtsak. Gaur, Kultura eta Ondare Batzordeko kideek bisitatu dute gune berria, eta, ondoren, komunikabideek. Koldo Leoz alkateak eta Regino Etxabe zinegotziak gidatu dute bisita, Camino Paredes museoko zuzendariarekin batera.
Orain arte, hirian bulegoko artxibo bakarra zegoen, udaletxeko beheko solairuan, funts historiko zein administratiboak biltzen zituena. Hala ere, Turismo Bulegoa kokapen berrira aldatu eta Museoko eta Zerbitzu Brigadako langileek egokitze lanak egin ondoren, 1975era arteko dokumentazio guztia utzi da bertan. Lan guztiekin 15.000 euro inguruko inbertsioa egin da.
Lekualdaketa horren bidez, hainbat helburu lortuko dira: dokumentuak behar bezala kontserbatzea; dokumentu-funtsen segurtasuna (behar bezala kokatuta, zainduta eta gordeta); eta dokumentuetarako sarbide normalizatua ikertzaileentzat eta interesatuentzat, kontsulta-eremu egoki batean eta behar den laguntza teknikoarekin.
FUNTSEN EZAUGARRIAK
Artxiboak era askotako funtsak ditu, bai kronologian, bai euskarri materialetan, baita tipologian ere, eta hiru talde handitan bana daitezke. Alde batetik, Funts Berezien Atala; bestetik, mila liburu zahar baino gehiago eta, azkenik, gainerako dokumentazioa, berriena.
Funts Bereziek 88 pieza dituzte, 1164 eta 1812 bitartekoak. Dirudienez, atal hau Pedro Emiliano Zorrilla Echeverríak sortu zuen 1908an, hiriko Udalaren kokalekua aldatu ondoren. Dokumentazio hori mendearen hasieran eraman zen Museoko bigarren solairuko biltegira, eta han gordetzen da ´planeroetan´.
Bi dokumentu baino ez daude, zaharrenak, bi pergamino-rolde, ´planeroetatik´ kanpo: Antso VI.a Jakituna erregeak 1164an hiriari emandako Forua; eta Foruak Teobaldo I.aren erregealdian berresteko proiektua (1234-1253).
Bigarren taldea antzinako kontu liburuak, katastroa, herri lanak, zentsuak, sarrera eta irteeren erregistroak, arielak, errazionamenduak eta abar dira.
Azkenik, hirugarren multzoan udal tipologiari dagokion dokumentazioa dago eta 1.732 kaxatan dago gordeta. Graziako Ospitaleari buruzko dokumentazioa dago, hauteskundeak, kintak, libramenduak, hornidurak, ongintza…
BI SOLAIRU
Artxiboak Museoari erantsitako Turismo Bulego zaharraren lokala okupatzen du. Bi solairutan banatuta dago eta bertan argiztapen, seinaletika, ekipamendu eta segurtasun neurriak ezarri dira, bideo-kamerak jarrita. Langileek ere lekua kontrolatuko dute.
Lehenengoak bigarren multzoaren eta hirugarrenaren zati baten fondoak ditu; gainerakoak, berriz, beheko solairuan daude, kontsultarako gune berezi baten ondoan eta hiriko Erdi Aroko Ikasketen Asteari modu iraunkorrean eskainitako gunearen ondoan.
Zerbitzua asteartetik ostiralera egonen da irekita, 9:00etatik 13:00etara, eta sarrera Museotik eginen da, berriki egin diren igogailu-lanei esker. Udala laguntzen deialdi batean sartzen saiatuko da proiektua garatzen jarraitzeko.
Lizarrako gazteluen hondakinak kontserbatu, berreskuratu eta balioztatzeko jarduketetan beste urrats bat emanez, Udalak Nafarroako Erresumako banderak jarri ditu Gaztelu Nagus...
Kultura tradizionalaren adierazpenei laguntzeko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren_ Vianako Printze Erakundearen ildoaren barruan, Museoen Zerbitzuak bultzatutako "Bertsondare" p...
Alde batetik, seinaleztapen monumentalaren hirugarren fasea gauzatu da: Azukareroko zubia, Modetarren etxea, Munarriztarren etxea eta Santa Klara. Halaber, elementuak jarri dira ibai pasealekuan, San Migel auzotarren elkarteak horrela eskatuta