2026ko urtarrilak 20

Estella-Lizarra FITURera itzuliko da aste honetan, turismo eredu adimendun, jasangarri eta berritzaile baten aldeko apustua indartzeko

Udalak, Cristina Perez zinegotziak eta Marta Ruiz de Alda alkateak ordezkatuta, Helmuga Turistiko Adimendunaren bereizgarria jasoko du SEGITTURen eskutik, eta eredu hori sortzen ari diren helmuga txikietan ezartzeari buruzko mahai-inguru batean parte hartuko du

Foto noticia

Aste honetan, beste urte batez, Estella-Lizarrako Udala Nazioarteko Turismo Azokan (FITUR) izanen da. Bertan, hiriak bere posizionamendua indartuko du berrikuntzarekin, iraunkortasunarekin eta turismoaren kudeaketa adimendunarekin konprometitutako helmuga gisa, SEGITTURek (Berrikuntza eta Teknologia Turistikoak Kudeatzeko Estatuko Sozietatea) sustatutako Helmuga Turistiko Adimendunen Sarearen (DTI) eskutik, Industria eta Turismo Ministerioaren mendekoa.

Madrilen presentzia horren mugarri nabarmenetako bat izanen da Cristina Perez zinegotziak Helmuga Turistiko Adimendunaren bereizgarria jasoko duela ostegunean, urtarrilak 22, 16: 30ean. Fitur Know-How & Export auditorioan izanen da, SEGITTUR buru dela. Guztira 60 bereizgarri banatuko dira, horietako bat Lizarrara.

Aintzatespen horrek egiaztatzen du Udalak helmugaren eraldaketa-prozesuan egindako lana, gobernantza, berrikuntza, jasangarritasuna, teknologia eta irisgarritasuna ardatzetan oinarritua, eta urrats garrantzitsua da epe luzeko turismo-estrategia sendotzeko.

Helmuga berri eta txikiei buruzko mahai-ingurua

Turismo zinegotziak, gainera, SEGITTURek ere antolatutako eztabaida mahai batean parte hartuko du. Mahai-inguruaren gai nagusia turismo helmuga adimendun sortu berrien eta neurri txikiko helmugen eginkizuna izanen da.

Ostegunean ere izanen da, 15:30ean, DTI bereizgarriak eman aurretik. Foro horretan, eredu adimendunaren ezarpenean arrakastaz aurrera egiten ari diren helmugetako esperientziak, jardunbide egokiak, erronkak eta aukerak landuko dira. Deltebre (Tarragona), Gea de Albarracin (Teruel), Salar (Granada) eta Goierri (Gipuzkoa) eskualdeetako ordezkariek ere hartuko dute parte mahai horretan.

VER VIDEO DE LA MESA DE DEBATE

Hiriaren etorkizun turistikorako proiektu estrategikoa

Turismo zinegotziak argi du Helmuga Turistiko Adimendunen Sareko kide izateak duen garrantzia, eta azpimarratu du “teknologia, datuak eta jasangarritasuna erabiliz, helmugei turismoa hobeto kudeatzen laguntzen dien ekimena dela, lehiakorragoak, eskuragarriagoak eta errespetutsuagoak izan daitezen, bai inguruarekin, bai bertako biztanleekin”.

Cristina Perezek gaineratu du Udalaren helburua dela “Lizarra kalitateko turismorantz zuzentzea, bisitariaren eta bizilagunaren esperientzia hobetzeko eta aberastasuna sortzeko, berrikuntza eta teknologia motor ekonomiko horren ardatz gisa erabiliz”. Ildo horretan, aro digitalera egokitzea “funtsezkoa” dela azpimarratu du.

Lizarra DTI Sarearekin bat egitea aho batez onartu zuen bere garaian udal Osoko Bilkurak, eta horrek, zinegotziaren arabera, “legealdi batetik edo kolore politiko batetik harago, etorkizunerako pentsatutako hiri proiektua” dela erakusten du.

Udalari berriki eman zaion DTI diagnostikoa Turismoko Estatu Idazkaritzaren dirulaguntza baten bidez finantzatu da, SEGITTURek bideratua, eta aukera emanen du ibilbide-orri bat zehazteko hiriaren dinamizazio ekonomikoari lagunduko dion turismo-kudeaketako eredu bat ezartzeko, haren epe luzeko ondorio positiboak bermatuz.

Agenda instituzionala FITURen

SEGITTURi lotutako jarduerez gain, Udalak, zinegotzia eta alkatea den Marta Ruiz de Aldak ordezkatuta, beste ekitaldi instituzional garrantzitsu batzuetan parte hartuko du FITURen. Besteak beste, Melillako standean Judutegi Sarea aurkezteko ekitaldia eta elkartearen lehendakaritzaren eskualdatzea eginen den ekitaldi instituzionala; Erdi Aroko Hiri eta Hiribilduen Sarearen batzar orokorra, edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ekitaldi instituzionala

Era berean, berrikuntza eta kudeaketa turistikoan espezializatutako enpresekin bilerak eginen dira, Lizarrarako eredu turistiko adimendun eta jasangarri bat garatzen jarraitzeko.

Web de Turismo de Estella-Lizarra

 

 

 

 

 

 

 

 

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba