
Estella-Lizarrako Udalak Europako Mugikortasunaren Astearekin bat egin du aurten ere, irailaren 16tik 22ra, Teder-ekin, Vasco-Navarro Trenbidearen Elkartearekin, Lizarraldea BHIrekin eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egindako programa luze batekin.
Joan den asteburuan izandako ekitaldi batzuen ostean, ostegunetik aurrera hasiko da plater nagusia. Ostegunean eta ostiralean Los Llanos Kulturagunean ‘Ainbo: la guerra del Amazonas’ (egun bat gaztelaniaz eta beste bat euskaraz) filma proiektatuko da Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleentzat.
Asteburuan iritsiko da asteko unerik gorena. Larunbat arratsaldean Sortze Garbiaren pasealekua itxi eginen da eta 17:30etik 19:30era bizikleta martxa bat egonen da hirian zehar musikarekin, DJ Reimyren eskutik. Sortzez Garbiaren pasealekutik abiatuko da eta bakoitzak bere bizikleta eraman beharko du. Ibilbidearen erdian geldialdia egin eta mokaduak egonen dira.
Ondoren, 19:30ean, Musika Eskolako Alfonso Ugarte Aretoan ‘África en Cinecicleta’ filma ikusi ahal izanen da. Bertan, Carmelo Lopez eta Isabel Segurak bi urtez Afrikan zehar egin zuten ibilbidea kontatzen da, ikus-entzuleen pedalei eraginez mugitzen zen sistema baten bidez dozenaka tokitan filmak proiektatuz. Larunbateko emanaldia modu berean eginen dute, pedalei eraginez.
IGANDEA, IRAILAREN 22an
Igandean, irailak 22, hainbat jarduera eginen dira San Andres kalean eta Koroatze plazan, 10:30etik aurrera: bizikleta klasikoen erakusketa (10:30etik 14:00etara), bizikletak prestatzeko tailerra (10:30etik 14:00etara) edo paseoak ‘Yayacleta’n, egoitzetako adinekoak eramateko (11:00etatik aurrera).
11:00etan bizikleta elektrikoen erabilera jasangarriari eta mantentze-lanei buruzko tailer-paseo bat hasiko da (izena eman behar da: aventura@mugitu.net) eta 11:30ean beste tailer bat hirian zehar bizikletaz mugitzeko moduaz Bizikumerekin (izena emateko: www.teder.org/inscripciones).
Goiza ixteko, ‘Gurpil gaineko autoeskola’ antolatu da umeentzat Próspero Teatroren eskutik (11.30etatik 13.30etara).
Arratsaldean, 17:30ean, familia-zinema: ‘Un pequeño plan…como salvo el planeta’ filma ikusi ahal izanen da zinema-aretoan. 12 urtetik goitikoentzat gomendatzen da.
Europako Mugikortasunaren Astearen aurtengo leloa, -garraiobide jasangarriagoak erabiltzearen inguruan sentsibilizatzea bilatzen duena (bizikleta, oinez ibiltzea edo garraio publikoa), eta haiek dituzten onurak ere-, hauxe da: ‘Espazio Publiko Partekatua’.