Estella-Lizarrako Udalak Donejakue Bidearen ingurua hobetzeko eta edertzeko apustuari eusten dio. Horretarako, hiru jarduketa berri eginen ditu, guztira 470.000 euroko inbertsioa ekarriko dutenak. Horietatik 361.954 euro Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzen bidez estaliko dira, Next Generation funts europarren bidez.
Cristina Perez Turismo zinegotziak adierazi duenez, esku-hartze horiek “jarraipena ematen diote legealdi hasieratik erromesentzat zein hiriko biztanleentzat gune abegikorragoa, jasangarriagoa eta erakargarriagoa sortzeko hasitako lanari”.
Hauek dira hiru jarduketa horiek:
- Paisaia eta ingurumena zaintzeko jarduera, Fortunato Aguirre zubiaren azpian dagoen eremua eraldatuko duena. Heskai-pantaila bat jarriko da, aparkalekuaren begi-inpaktua gutxituko duena, eta espezie igokariak landatuko dira, zubiaren beheko paretak estaliko dituztenak, udaberrian eta udan tonu berdeak eskainiz, eta udazkenean granateak. (101.431 euroko aurrekontua, BEZa barne, 90.000 euroko dirulaguntza).
- Fortunato Agirre zubiaren azpiko tartea egokitzea. Eremuko zoladura hobetuko da, eta lanak 116.930 euroko aurrekontua du, BEZa barne, 82.153 euroko dirulaguntzarekin.
- Hilobi Santuaren elizaren aurrean plazatxo bat sortzea, horrek hobetu eginen du fatxada monumental hori ikustera gelditzen diren taldeen eta bisitarien segurtasuna, eta, gainera, Bidearen puntu enblematiko bat edertuko du. (253.066 euroko aurrekontua, 189.800 euroko dirulaguntza).
EGINDAKO JARDUERAK
Azkenaldian, hainbat esku-hartze egin dira eremu horretan, Udalak jasangarritasunarekin, eraginkortasunarekin eta hiri-kalitatearekin egin duen apustuaren barruan.
Aurten bertan, Erromesen Aterpetxean energia-hobekuntza integrala gauzatu da, 172.033,40 euroko inbertsioarekin, estalkia, leihoak eta galdara ordezteko, energia-eraginkortasunean % 30eko hobekuntza lortuz. Proiektu honek %75eko dirulaguntza izan zuen (129.025 euro).
Era berean, jarduketa bat egin zen Bidearen atseden-eremuan, eta mahaiak, itzal-zuhaitzak, bizikletak garbitzeko eta konpontzeko gune bat eta oinezkoentzako bide bat jarri ziren, oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorriak bereizten dituena. Gainera, polinizatzaileak erakartzen dituzten eta urte-sasoiaren araberako kolorea ematen duten bertako landare-espezieak landatu ziren, eta tantakako ureztatze-sistema jasangarria eta uraren kudeaketa eraginkorra ezarri ziren.
Esku-hartze horrek 99.215,50 euroko (BEZa barne) kostua izan zuen guztira, eta % 90eko (88.918,20 euro) dirulaguntza jaso zuen, Nafarroako Gobernuak Donejakue Bidearen inguruko tokiko proiektuetarako duen programaren barruan.
Guztira, egindako jarduketen eta aurreikusitakoen artean, 742.000 euroko inbertsioa eginen da, eta ia 580.000 euroko dirulaguntzak emanen dira. Horrela, Lizarra Donejakue Bidea eta haren ingurunea hobetzeko udalerri aktiboenetako bat izanen da.
Lizarrako Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak egindako kalkuluen arabera, urtero 80.000 pertsona inguru iristen dira hirira Donejakue Bideak erakarrita. “Pasadizoko bisitariak dira, eta, askotan, gure lurrak bigarren bisita bat merezi duela sumatzen dute, eta, gainera, beren familiekin itzultzen dira, egonaldi luzeago baterako”, dio zinegotziak. Datu horrek “legealdiaren hasieratik animatu gintuen ingurune horretan lan egitera, bisitatzen gaituztenen eta Lizarrako jende askoren artean leku horiek maiz ibiltzen baitira”.
JASANGARRITASUNAREKIKO KONPROMISOA: URAREN FITUR ERRONKA
Estella-Lizarrako Udalak Uraren FITUR 2026 Erronkara aurkeztu du bere hautagaitza, atsedenerako gunearen proiektuarekin. Ekimen horrek uraren erabilera eraginkorrerako proiektu berritzaile eta jasangarriak aurkeztera gonbidatzen ditu udalerriak eta turismo entitateak. Oraingoz, hautagaitzak dagoeneko igaro du lehiaketaren lehen fasea.
Aintzatespen horrek saritu egin nahi du hiriak eta erakundeak inplikatu izana turismo arduratsuaren sustapenean eta baliabide hidrikoen kudeaketa jasangarria bermatzen duten soluzio teknologikoen aplikazioan.