2024ko azaroak 14

Estella-Lizarrak Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatuko du, indarkeria bikarioa nabarmenduz

Hainbat jarduera antolatu dira azaroaren 22tik abenduaren 2ra arte

Aurten ere, Lizarrako Udalak bat egiten du Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin, azaroaren 25arekin bat eginez. Oraingo honetan, Nafarroako Toki eta Lurralde Entitateen Tekniken Sareak NUKFrekin elkarlanean bultzatzen duen kanpainak ‘Ez da antzerkia, indarkeria bikarioa da’ leloa darama, eta indarkeria mota krudel eta suntsitzaileenetako bat, indarkeria bikarioa, ikusaraztea du helburu.

Kanpaina gaur goizean aurkeztu dute Azucena Polo Berdintasun zinegotzi berriak eta Ixaxi Perez teknikariak, eta gogorarazi dute indarkeria bikarioa “matxismoaren muturreko adierazpena dela, emakumeei erasotzen diena maite dituzten pertsonen bitartez, bereziki seme-alaben bitartez”. Oso larria izan arren, “kasu askotan ez da behar bezala ezagutua eta ikusarazia izaten”.

ANTOLATUTAKO JARDUERAK

Herritarrak errealitate horren inguruan sentsibilizatzeko, Udalak hainbat jarduera antolatu ditu:

Azaroaren 22an, 20.00etan, Los Llanos zineetan: Perséfone antzezlana, haurtzaroko sexu-erasoak eta horien ondorioak lantzen dituena, biktimekiko ikuspegi sentikor eta enpatiko batetik. Sarrera: 3€. https://estella-lizarra.sacatuentrada.es/es/entradas/persefone

Azaroaren 29an, 19:00etan, Frai Diego Kultur Etxean: Hitzaldia, emakumeen aurkako indarkerian aditua den Norma Vazquez psikologoak emanen du, eta indarkeria bikarioaren inguruko azalpen zehatza emanen du.

Abenduaren 2an, 18:30ean, Los Llanos zineetan: No estás sola dokumentalaren emanaldia, 2016ko sanferminetan gertatutako eraso anizkoitzaren kasua kontatzen duena. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egonen da kasuan eta dokumentalean inplikatutako profesionalekin, baita gaian adituak direnekin ere.

Azaroaren 25ean, 12:00etan. Elkarretaratze instituzionala eginen da, bereziki hunkigarria, udaletxearen atarian. Arratsaldean, 19:00etan, Foruen plazan, elkarretaratze soziala eginen dute, Lizarrako Mugimendu Feministak eta Emakumeen Mugimenduak deituta.

Gainera, azken osoko bilkuran adierazpen instituzional bat onartu zuen udalbatzak horren inguruan.

Era berean, eta ohikoa den bezala, Ordoiz Zentroak egindako 500 pin oroigarri banatuko dira eta hirian biktimen eskura dauden baliabideen beste hainbeste gida. Geltokiko eraikina ere more kolorez piztuko dute, eta pankartak jarriko dituzte hirian zehar.

JARDUEREN URTEKO BALANTZEA

Urtea hasi zenetik, Lizarran gora egin dute genero indarkeriarekin lotutako esku-hartzeek. Hona hemen datu esanguratsu batzuk:

  • 45 polizia salaketa aurkeztu dira genero indarkeriagatik bikotearen edo bikotekide ohiaren eremuan.
  • Udaltzaingoak kudeatutako VioGen sisteman 41 biktima erregistratu dira 2024 urtean: horietako 27tan ez da arriskurik antzematen eta 14k arrisku txikia dute.
  • Atenpro zerbitzuak, larrialdi kasuetan telefono bidezko arreta espezializatua ematen duenak, 3 eta 7 arteko kasu aktiboen tartea izan du. Zerbitzu hau emakume guztiek erabil dezakete, Lizarrako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bitartez.
  • Berdintasun arloko zerbitzu psikologikoak 41 emakumeri laguntza eskaini die aurten, horietatik 30ek tratamenduan jarraitzen dute eta 11k alta hartu dute.

 

 

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba