
Ekainaren 13an, 14an eta 15ean, Historiaurreari buruzko jardunaldiak eginen dira hirian, Lizarrerrriko Ikergunearen eskutik. PaleoStella izena jarri diote jardunaldiei, eta, besteak beste, Historiaurreko Armen Tiroko Europako 35. Txapelketa eginen da. Horrez gain, silexeko tailu-erakusketak eta historiaurreko suari buruzko erakustaldiak eginen dira eta adin guztietarako tailerrak edo arkeologia esperimentalari buruzko mahai bat, espezialistekin.
CETE-LIko Merche Osesek eta Daniel Ruizek, Marta Ruiz de Alda alkatearekin batera (Udala kolaboratzaileetako bat baita), ekitaldi berezi hau aurkeztu dute gaur eguerdian. Bi modalitateen arteko txapelketan 100 parte-hartzaile izanen dira: propultsatzaile bidezko tiroa (azagaia) eta arku tiroa.
Alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie CETEri eta gainerako kolaboratzaileei ekitaldi “paregabe” honen alde egindako apustuagatik eta “gure hiriaren kulturarekin, historiarekin eta dibulgazioarekin” hartutako konpromisoagatik.
CETEtik, Merche Osések elkarte ezberdinen eta Udalaren babesa eskertu du, ekimen honen helburuak zeintzuk diren azalduz. Alde batetik, helburu didaktiko bat, “Paleolitoko tresnen fabrikazio eta erabilera horretara hurbiltzeko, Urbasa mendilerroan kalitate bikaineko hainbat aztarnategi baititugu. Eta, hain zuzen ere, eremu horren garrantzia ezagutaraztea da helburu horietako bat”, adierazi du. Zehazki, silexa (silizioa), “duela milioi bat urte erabiltzen zen material bera, gaur egun ordenagailuetako disko gogorretan erabiltzen da, adibidez”.
Bere aldetik, Daniel Ruizek azaldu du Europako txapelketa, berak beste edizio batzuetan parte hartu duena, Belgika edo Frantzia bezalako herrialdeetan sortu zela duela 35 urte, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik iritsi zela penintsulara. “Hemen Urbasan penintsula osoko silex onena dugu”, esan du Ruizek, eta penintsulako ia puntu guztietako parte-hartzaileak etorriko direla gaineratu du.
Ekitaldiaren informazio guztia hemen: https://visitarestella.com/paleostella-2025/