2026ko ekainak 23

Estella-Lizarrak Espainiako Trial Bizikleta Txapelketa hartuko du asteburu honetan

Estella-Lizarrako Udalak eta Lizar Trial Klubak 2026ko Trial Bizikletako Espainiako Txapelketa aurkeztu dute gaur eguerdian. Txapelketa asteburu honetan, larunbatean eta igandean,eginen da Gebala Trial Parkean, Ordoiz alderdian (Errepideen Kontserbazio Zentroaren atzealdean).

Aurkezpenean parte hartu dute Marta Azcona Kirol eta Osasun zinegotziak eta Lizar Trial klubeko presidente eta presidenteordeek, Oier Torrecillak eta Ernesto Chocarrok. Biek nabarmendu dute hitzordu honen garrantzia; izan ere, asteburu osoan zehar Estella-Lizarra modalitate honen estatuko erreferente nagusi bihurtuko da.

Zinegotziak azpimarratu du bike triala ahalegina, oreka, kontzentrazioa eta norberaren gainditzea uztartzen dituen kirola dela. Era berean, txapelketak hiriarentzat izango duen proiekzio garrantzitsua nabarmendu du, bai kirolaren ikuspegitik, bai turismoaren eta ekonomiaren aldetik ere. Halaber, klubak ezaugarri hauetako proba bat antolatzeko egin duen lana eskertu du.

Bestalde, presidenteak azaldu du Espainiako Txapelketa antolatzeko esleipena erakundeak aurretik estatuko hainbat proba antolatzen metatutako esperientziari esker lortu dela. Haren hitzetan, antolakuntza mailan lor daitekeen mailarik gorena da txapelketa hau. Adierazi duenez, kategoria guztietako 140 kirolari ingururen parte-hartzea espero da, sei urtetik hasi eta Master 40 kategoriaraino, estatuko zein nazioarteko eszenako espezialistarik onenetako batzuk barne.

Kluba hilabeteak daramatza Gebala Trial Parkeko instalazioak prestatzen eta hobetzen, herrialdeko hainbat tokitatik etorritako kirolariak bilduko dituen lehiaketa hau hartzeko. Txapelketak, gainera, Estella-Lizarra berriro kokatuko du estatuko eta nazioarteko bike trialeko hitzordu handien mapan, bertako kirolarien maila handiari esker.

Chocarrok, bere aldetik, ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du, eta etorkizuneko edizioak hirigunean bertan egitea gustatuko litzaiokeela adierazi du, haren gizarte-, turismo- eta ekonomia-eragina are gehiago handitzeko helburuarekin.

Lehiaketaren ordutegiak

Lehiaketa ekainaren 27an, larunbatean, 15:00etan hasiko da, eta gutxi gorabehera 21:00ak arte luzatuko da. Ekainaren 28an, igandean, jardunaldirik bereziena izango da, elite mailako finalak barne. Jarduera 08:00etan hasiko da eta 14:00ak aldera amaituko da.

Udalak eta Klubak herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte lehen mailako kirol ekitaldi honetaz gozatzera eta lehiaketan parte hartuko duten kirolariak babestera. Izan ere, modalitate honetako espezialistarik onenetako batzuk bilduko dira bertan. «Munduko 10 edo 15 piloturik onenak hemen izango dira», adierazi du Chocarrok.

Gainera, bertaratzen direnen artean kaleko trialeko bizikleta baten zozketa egingo da, doan banatuko diren txartelen bidez.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba