2026ko apirilak 30

Lizarrako gerontogimnasia programak 280 plazara arte zabaltzen du bere eskaintza datorren ikasturterako

Izena aurrez aurre eman ahal izanen da, baita webgunearen bidez ere, maiatzaren 1etik 17ra

Estella-Lizarrako Udalak dagoeneko onartu ditu 2026-2027 ikasturterako Gerontogimnasiarako udal programaren oinarriak. Ekimen sendotua da, eta, berritasun nagusi gisa, plaza kopurua handitu du, urritik aurrera 224 plazatik 280 plazara pasatuz.

Programak 26.000 euroko aurrekontua du eta Lizarran erroldatuta dauden 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Izena emateko kuota 40 euroan mantenduko da ikasturte osorako, eta ordainketa helbideratu eginen da plaza baieztatzen denean.

Programa hau, dagoeneko oso finkatuta dagoena, Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako zahartze aktiboaren kontzeptuan kokatzen da eta jarduera fisiko egokituaren bidez adinekoen bizi-kalitatea hobetzea du helburu.

Gaitasun funtzionalei eusten laguntzen du, eta indarra, erresistentzia, oreka eta malgutasuna bultzatzen ditu. Era berean, eragin positiboa du ongizate mentalean, narriadura kognitiboa atzeratzen, estresa murrizten eta depresioa prebenitzen laguntzen baitu. Arlo sozialean, parte-hartzea sustatzen du, nahi ez den bakardadeari aurre egiten dio eta taldeko kide izatearen sentimendua indartzen du.

EPEA MAIATZAREN 1ean IREKIKO DA

Datorren ikasturtean izena emateko epea maiatzaren 1etik 17ra bitartean izanen da zabalik eta online egin ahal izanen da, Udalaren webgunean dagoen formulario baten bidez https://www.estella-lizarra.com/gerontogimnasia-curso-2026-2027/, baita ere aurrez aurre, kiroldegian edo udal bulegoetan.

Talde bakoitzeko plazak zozketa bidez esleituko dira, beraz, izena ematerakoan 1etik 10era aukeratu beharko dira txanda gustukoenak. Zerrendak Udalaren web orrian, iragarki-taulan eta Udal Kiroldegian argitaratuko dira. Plazarik lortzen ez dutenak itxaron zerrenda batean sartuko dira, eta abenduan eta martxoan aurreikusitako deialdiak eginen dira egon daitezkeen plaza hutsak betetzeko.

Programa datorren urteko urriaren 5etik maiatzaren 28ra burutuko da kiroldegiko kantxan. 280 plazak 28 pertsonako 10 taldetan banatzen dira, eta saioak astean bi egunetan egiten dira, goizez.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba