2026ko uztailak 7

Gustavo de Maeztu Museoak 2026ko udarako jarduera-programa zabala prestatu du

Gustavo de Maeztu Museoak 2026ko udarako jarduera-programa zabala antolatu du, artea eta sorkuntza garaikidea praktika artistikoaren bidez herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin. Museoko aldi baterako erakusketekin lotutako egitarauak helduentzako marrazketa-saioak, haur-tailerrak eta «Gure bizitzen kolorea» tailerra biltzen ditu. Azken proposamen horrek kolorearen adierazkortasun-balioa ezagutzeko aukera eskaintzen du, Gustavo de Maezturen eta Jesús Basianoren lanak abiapuntu hartuta.

Jarduerak Iñaki Rifaterra eta Fermín Alvira artistek emango dituzte, eta museoko ondare artistikora hurbiltzeko hainbat modu eskainiko dituzte, behaketa, esperimentazioa eta sorkuntza uztartuz. Ekimen honen bidez, museoak parte-hartzea sustatzen duen programazioaren aldeko apustua indartzen du, sormena, ikaskuntza eta erakusketen nahiz praktika artistikoaren arteko elkarrizketa bultzatuz.

16 urtetik gorakoentzako marrazketa-saioak Iñaki Rifaterra artistak gidatuko ditu, eta paisaia ikuspegi artistikotik lantzea izango dute helburu. Jesús Basiano y Lasterraren pintura- eta marrazki-lanak erreferentziatzat hartuta, parte-hartzaileek paisaiari buruz hausnartuko dute, lurraldearen memoria eta etengabeko eraldaketaren agertoki gisa ulertuta, marrazkiaren bidez begirada pertsonala garatuz.

Saioetan zehar hainbat baliabide grafiko eta irudikatzeko modu landuko dira, behaketa, sormena eta esperimentazioa sustatzeko. Museoak jarduera egiteko beharrezko material guztia jarriko du; hala ere, nahi dutenek beren marrazki-koadernoa eta arkatzak ekarri ahal izango dituzte.

Marrazketa-saioak uztailaren 15ean eta 16an eta irailaren 2an eta 3an izango dira, 16:30etik 18:30era.

Egitarauak, halaber, 6 eta 16 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailerrak jasotzen ditu. Iñaki Rifaterra artistak emango ditu, eta irudimena, behaketa eta sormen-prozesuaz gozatzeko espazio gisa diseinatu dira. Adin bakoitzera egokitutako proposamenen bidez, parte-hartzaileek marrazkia adierazpen artistikorako tresna gisa ezagutuko dute, giro dinamiko eta parte-hartzailean beren sormena garatzen duten bitartean.

Haur-tailerrak uztailaren 28an eta 29an egingo dira, eta bi hizkuntzatan eskainiko dira: euskaraz, 10:00etatik 11:00etara, eta gaztelaniaz, 11:30etik 12:30era.

Udako programazioa «Gure bizitzen kolorea» tailerrarekin osatuko da. Fermín Alvira artistak gidatutako jarduera honek kolorearen adierazkortasun- eta sinbolo-balioa ezagutzeko aukera emango du, Gustavo de Maezturen eta Jesús Basianoren obrak abiapuntu hartuta eta museoan ikusgai dauden lanetan oinarrituta.

Jarduerak erakusketa-aretoetan egingo den bisita gidatua eta ondorengo atal praktikoa uztartuko ditu. Bertan, parte-hartzaileek koloretako arkatzak, tenperak eta akuarelak erabiliz teknika erraz eta eskuragarriak probatuko dituzte. Tailerrak bi artistek erabilitako baliabide piktorikoetako batzuk ezagutaraziko ditu, eta, aldi berean, sormena, adierazpen pertsonala eta hizkuntza artistikoez elkarrekin gozatzea sustatuko ditu, errespetuan, tolerantzian eta enpatian oinarritutako giroan.

Belaunaldi guztiei zuzendutako jarduera irekia izango da, eta irailaren 1ean egingo da 16:30etik 18:30era, eta irailaren 2an 11:00etatik 13:00etara. Artearen eta partekatutako sorkuntzaren inguruan elkartzeko gunea eskainiko du.

Jarduera guztiak María de Maeztu Aretoan egingo dira. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da. Horretarako, Gustavo de Maeztu Museora bertaratzea edo 948 546 037 telefonora deitzea izango da aukera. Plazak mugatuak dira.

Udako programazio honen bidez, Gustavo de Maeztu Museoak berriro ere berresten du parte-hartzea sustatzen duen kultura-eskaintza baten aldeko konpromisoa, ondare artistikoa herritarrengana sormen-esperientzien bidez hurbiltzeko. Marrazkiaren, kolorearen eta esperimentazioaren bidez, museoak artea ikusteko, interpretatzeko eta gozatzeko modu berriak ezagutzera gonbidatzen ditu herritarrak, bisita ikaskuntza-, sormen- eta topagune bihurtuz.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba