Nafarroako Gobernuak Ukrainan larrialdia artatzeko eta koordinatzeko zentro bat jarri du Iruñeko Orreaga etorbidean, krisi humanitario hau gure erkidegoan sortzen ari den eskaerak asetzeko eta koordinatzeko.
Larrialdi-zentro honetako lantaldea hiru pertsonak osatzen dute —bi teknikari eta administrari bat—, eta Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritzak Iruñeko Orreaga etorbidean duen egoitzan premia horiek artatuko dituzte. Interesatuek bide hauek erabil ditzakete zentroarekin harremanetan jartzeko: 848421971 telefonoa, 620063662 WhatsAppa eta emergencia.ucrania@navarra.es helbide elektronikoa.
Modu horretan, zentro honek informazioa, arreta eta babesleku eta asilorako laguntza eskainiko die Ukrainan bizi ziren eta gerra-gatazkaren ondorioz etxea utzi behar izan duten eta dagoeneko Foru Komunitatean dauden pertsonei. Halaber, bulegoak informazioa eta laguntza eskainiko die ukrainar jatorriko nafar herritarrei, lagunak, senideak eta ahaideak hartzen ari direnei, eta Nafarroan bat-batean antolatzen ari diren bizilagunen laguntza-, ostatu- eta harrera-eskaintza ugari koordinatuko ditu.
Herritar interesatuei laguntza eta arreta eskaintzeaz gain, zentroaren helburua da batez ere informazioa partekatzea eta beharrezko eragileengana bideratzea, baliabideak edo ekimenak ez bikoiztea eta trebatutako edo kualifikatutako pertsonak harremanetan jartzea. Horrekin batera, baliabide hau prestatuko da, oinarrizko gaiak artatzeko egoera bat aurreikusita, iristen diren haurrak eskolatzeko, ostatua edo etxebizitzetarako sarbidea izateko, oinarrizko gizarte-zerbitzuak eskuratzeko eta beste hainbat premia artatzeko.
Lehen gatazka-egun hauetan zehar, zenbait larrialdi-zerbitzu prestatu dira jada lehen 33 lagunentzat, horietako 17 adin txikikoak, Ukrainatik etorri eta dagoeneko Foru Komunitatean daudenak. Baina baliteke iritsitako gehiago egotea eta guk horren berri ez izatea; ondorioz, funtsezkoa da gizarte osoa animatzea koordinazio-zentro honekin harremanetan jar dadin, osasun, hezkuntza- eta laguntza-arloan beharrezkoak diren premia guztiak artatu ahal izatearren.
Departamentu arteko batzordea eta bilerak Ukrainako elkarteekin
Larrialdi-talde horrekin batera, Nafarroako Gobernua departamentu arteko batzorde batean lanean ari da, Chivite Lehendakaria buru duela, giza larrialdi honen beharrak koordinatzeko eta departamentu bakoitzak bete ditzakeen funtzioak, erantzukizunak eta ekarpenak zehatz-mehatz definitzeko, Ukrainako krisiak Foru Komunitatean planteatzen dituen erronkei erantzun fidagarria emate aldera, eta herritarren elkartasun- eta eskaintza-adierazpen kontaezinak bideratzeko.
Ahalegin horiez gain, Nafarroako Gobernua gatazkaren lehen egunetatik hasita bilduta dago Nafarroan dauden Ukrainako elkarteekin, Foru Komunitatean aterpea eta asiloa antolatzen duten ohiko erakundeekin. Izan ere, Lehendakaria Gurutze Gorriarekin eta CEARe-kin bildu zen, eta baita Osasuna, Hezkuntza, Etxebizitza edo Eskubide Sozialak bezalako departamentuekin, baliabide berriak jada prestatzeko.
Nafarroako Gobernuak publikoki eskertu nahi ditu nafarrek agertutako elkartasun- eta lankidetza-adierazpen izugarriak, baina, krisi-une honetan, azpimarratu nahi izan du pertsona askoren elkartasuna eta fede ona koordinatzen eta planifikatzen ez badira, kaltegarriak izan daitezkeela hondamendi-uneetan.
Exekutiboak pasa den ostiralean adierazi zuen moduan, laguntza humanitarioa behar bezala bideratzeko herritarrei gomendio batzuk eman zizkienean, laguntza hori kaltetutako herritarrengana iristearren, laguntza zonan lanean urteak daramatzaten erakunde humanitarioen bidez bideratzea eta diru-dohaintzak egitea gomendatzen da, besteak beste.
Babesa ematea eta eskubideak errespetatzea
Ildo berean, Migrazio Politika eta Justizia Departamentuak, Eduardo Santos kontseilariaren bitartez, honako mezu hau azpimarratu nahi izan du beste behin: “Nafarroak gure lurraldera datozen ukrainar guztiak hartuko ditu, kopurua edozein dela ere, Nafarroako beste edozein herritarrek dituen eskubide guztiak haiei bermatuz”.
Ildo horretan, Santos kontseilariak nabarmendu nahi izan du “Europar Batasuneko kide diren mugako edozein lau herrialdetara iritsi diren herritar guztiek Batasuneko 27 herrialdeen lurraldetik igarotzeko eskubidea dutela eta haiek dutela, batez ere emakumeak, gehiengoa izateagatik, haien helmuga erabakitzeko eskubide eta gaitasun osoa”.
Azken horri dagokionean, Santos kontseilariak azpimarratu du “pertsona horiek —beste testuinguruetatik etorri eta aterpea eskatzen dutenen antzera— eskubideen subjektuak direla, eta hautatzeko ahal osoa dutela”. Horregatik, “zentzurako eta lasaitasunerako azken deia egin die Poloniako mugara bidaiak egiten ari diren jende askori, asmo onez, errefuxiatuak hartu eta ekartzeko”; era berean, eskatu die “kontuan izan ditzatela pertsona horien eskubideak eta borondatea, haien trauma- eta min-egoera, gerratik ihes egiteagatik, ostatu hartzeko lehentasunak eta familia-loturak, eta pentsa dezatela