Estella-Lizarrako Udaleko eta Teder elkarteko Berdintasun Arloek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedrarekin lankidetzan, gaur goizean aurkeztu dute Anai Diego Kultur Etxean OTRI kontratuaren sinadura NUParekin, Estellerriko Feminismen II. Eskola egiteko.
Prestakuntza-programa publiko, doako eta egiaztatua da, 25 ordukoa, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrerako tresnak ematea du helburu, bai eta komunitatean aldaketa-eragileak ugaritzea sustatzea ere.
Izen-emateak otsailaren 23tik 28ra irekiko dira, on-line bakarrik, Udaletxeko erregistroaren bidez. Iaz bezala, 27 plaza daude, baina aurten modalitatearen lehentasuna adierazi ahal izanen da. Hala ere, 15 aurrez aurreko modurako erreserbatuko dira Ega hirian bizi direnentzat, eta beste 12 on-line Teder elkarteko Estellerriko beste udalerri batzuetan bizi direnentzat. Beharrezkoa da 16 urte beteta izatea.
Aurreko ikasturtean bezala, Lizarraldea BHIn izanen dira eskolak, martxoaren 10etik maiatzaren 26ra, astearteetan, 17:00etatik 19:00etara. Aprobetxamenduaren azken ziurtagiria lortzeko gutxienez % 80ko bertaratzea beharko da.
ESKOLAREN HELBURUAK
Feminismoen Eskola, gaur goizean aurkezpenean azaldu dutenez, genero desberdintasunei errotik heltzeko helburuarekin jaio zen, ikuspegi feminista duen hiri eta landa garapena sustatuz. “Gure helburua da pertsonei tresnak ematea, bizitzako esparru guztietan benetako berdintasun eraginkorra sustatzeko eta beren komunitateetan aldaketaren eragile izateko”, azaldu du Ixaxi Perez Fernandez Lizarrako Udaleko Berdintasun teknikariak.
Genero, berdintasun eta emakume ikasketetan adituak diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle doktoreek jarraituko dute programan, eta hainbat gai jorratuko dituzte: pentsamendu feminista, patriarkatuaren jatorria, feminismoaren historia, emakumeen ordezkaritza gizartean, genero sozializazioa, genero eta sexu indarkeria, pornografia, berdintasun politikak, emakumeen egoera landa eremuan eta epistemologia feminista. Doktore horiek honako hauek izanen dira: Irene Lapuerta Méndez, Patricia Amigot Leache, Begoña Elizalde San Miguel, Paloma Fernández Rasines, Irantzu Recalde Esnoz, Elvira Sanz Tolosana eta Lohitzune Zuloaga Lojo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia eta Gizarte Lan Saileko ikertzaileak, baita Ruth Rodrigo Iturbide kanpoko kolaboratzailea ere.
“AUKERA BIKAINA”
“Herritarrak zorrotz prestatu behar ditugu arrakala horiek iraunarazten dituzten arrazoi historiko eta estrukturalak ulertzeko”, eta horretarako OTRI kontratu bat sinatuz programa finkatu da, “Unibertsitatearen ezagutza zuzenean erakunde publikoetara eta gizartera pasa dadin”, gaineratu du Aurora Sanz Dieguez Teder Estellerria Berdintasun teknikariak.
Ekimen hau, -bat etorri dira-, aukera paregabea da Estellerrian berdintasunaren eta eraldaketa sozial feministaren aldeko apustua sendotzeko.