Estella-Lizarrako Udalak Montejurrako biktimei bere lehen aitortza instituzionala eginen die larunbat honetan, 50 urte geroago
Sortu berri den batzordeak gaur aurkeztu du ekitaldi instituzionala, herritarrei irekia, eta larunbat honetan izanen da, 12:00etan, kultur etxean
Estella-Lizarrako Udalaren Montejurrako Batzordeak gaur goizean aurkeztu ditu, prentsaurrekoan, larunbat honetarako, maiatzaren 9rako, antolatutako ekitaldiak Mikel Kolomo, Mikel Gonzalez-Echeverri, Blanca Regulez eta Eli Ciordia zinegotziek parte hartu dutela, 1976ko Jurramendiko gertakarien 50. urteurrena dela eta.

Efemeride bereziki esanguratsua da, eta, lehenengo aldiz, Udalak –azaldu du Kolomok- ekitaldi instituzional bat bultzatzen du gertaera haietako biktimei aitortza egiteko.
Zentzu horretan, azken hilabeteotan egindako lana nabarmendu dute, azaroan batzorde espezifiko baten sorrerarekin hasitakoa. Orain dela gutxi arte, ezin izan da nahi bezain indartsu bultzatu, baina, gaineratu duenez, azken asteotan hainbat bilera egin dituzte, eta, horri esker, larunbaterako aurreikusita dagoen ekitaldi nagusia zehaztu ahal izan dute.
Batzordetik azpimarratu dute oroimenean, justizian eta erreparazioan aurrera egiteko horrelako ekimenek duten garrantzia. “Hildako pertsonen familiek zein zauritu zirenek Udalaren aitortza instituzionala merezi dute, orain arte egin ez dena eta ekitaldi honetan eginen dena”, gaineratu du.
Era berean, memoriak eta justiziak ekitaldian leku nagusia izan dezaten beharrezkoa dela adierazi du, Estatuak gertakarietan izan duen inplikazioa eta erantzuleen zigorgabetasuna agerian utziz.
Ekitaldi instituzionala
Ekitaldi instituzionala larunbat honetan, maiatzaren 9an, eginen da, 12:00etan, kultur etxean. Programazioak Nafarroako Gobernuaren eta Udalaren esku-hartze instituzionalak hartuko ditu barne, baita gertakarien testuinguru historikoa ere.
Artistek eta kultur kolektiboek ere parte hartuko dute ekitaldian, “arreta, errespetu eta zintzotasun bereziz diseinatutako” formatuan, herritar guztiei irekia eta “bereziki gertaerak bizi izan zituztenei zuzendua, ahaztu gabe belaunaldi berriak, zeinentzat funtsezkoa baita oroimena zaintzea”.
Ekitaldian zehar biktimei aitortza esplizitua eginen zaie, Armiarma Etxeak egindako oparia eta biktimei lore omenaldia emanen zaielarik”.
Aurreikusita dago honako pertsona eta talde hauek parte hartzea, ordena honetan:
- Ereintza Abesbatza
- Mikel Viñuales (trikitixa)
- Ana Ollo Hualderen parte hartzea (Nafarroako Gobernua)
- Iratxe Andueza (ahotsa eta pianoa)
- Mikel Kolomoren parte hartzea (batzordeburua)
- Belarts akademia
- Ereintza Abesbatza
- Toño Ros historialariaren parte hartzea
- Iratxe Andueza (ahotsa eta pianoa)
- Senideen eta zaurituen esku-hartzea
- Opariak eta loreak ematea
- Aurresku Amaia Jordanaren eskutik, Aita Hilario Olazaran txistulariek lagunduta
Horrez gain, aurretiko jarduera gisa, ostegun honetan ‘Nola bizi genuen Montejurra 76’ izeneko mahai-ingurua eginen da kultur etxean. 19.00etan izanen da.
Kolomok inplikatutako pertsona eta kolektibo guztien lana eskertu nahi izan du. Era berean, “efemeridetik harago” ildo horretan lanean jarraitzeko aukera zabalik utzi du.
