Estella-Lizarrako Udalak doako hiru wifi gune jarri ditu martxan hiriaren erdigunean
Estella-Lizarrako Udalak doako hiru wifi gune aktibatu ditu hirigunean, Foruen Plazan, San Andres kalean eta autobus geltoki inguruan, hain zuzen ere. Jarduera horri esker, konektibitatea hobetuko da, bai herritarrentzat, bai bisitarientzat, eta Interneterako sarbidea erraztuko da hiriko gune nagusietan.
Zerbitzu hori martxan jartzea Vodafone enpresari aspaldi esleitutako telefonia-kontratuan sartutako hobekuntzetako bat da. Kontratu horretan, udal-azpiegiturak modernizatzeko eta baliabideak optimizatzeko hainbat jarduera aurreikusten ziren.
Kontratu hori zegokion lizitazio-prozesuaren ondoren esleitu zen, eta telefonia finkoa, mugikorra eta Interneteko konexioa arautzen zituen 2027ra arte; 61.500 euro gehi BEZa balio zuen. Hobekuntzak sartzeaz gain, urtean 21.000 euro baino gehiago aurrezteko aukera ematen du —64.000 euro baino gehiago hiru urteetan—, aurreko ekitaldiekin alderatuta.
Horren harira, Santos Mauleon zinegotzi ordezkariak azpimarratu duenez, “Udalarentzat suposatzen ari den aurrezpen ekonomiko garrantzitsuaz gain, kontratu honek pixkanaka ezartzen ari diren hobekuntza ugari jasotzen ditu, hala nola doako wifi publikoko puntu hauek, oso beharrezkoak zirela uste baikenuen”.
