Estella-izarrako Udalak, Ingurumen Arloaren bidez, herritarrak kontzientziatzeko kanpaina berri bat abiarazi du, hiria garbiago mantentzeko eta txakurren jabeen artean gizalegezko jokaerak sustatzeko. Horretarako, bide publikoan animalien pixa garbitzera bideratutako 2.000 botila tolesgarri banatuko dituzte doan.

Ekimen hau LEtxeko-Animaliak Edukitzea arautzen duen Ordenantzaren araberakoa da. Iaztik dago indarrean ordenantza hori, eta 21. artikuluak dio nahitaezkoa dela animaliak paseoan dabiltzanentzat bilketa- eta garbiketa-elementuak eramatea.
Banatuko diren botilak tolesgarriak, arinak eta berrerabilgarriak dira. Txakurraren uhalari lotzeko mosketoi erabilgarri bat dute, eta ura, ozpina edo xaboia nahasiz betetzeko diseinatuta daude. Irtenbide erraz eta natural horri esker, usain txarrak neutralizatu, leku berean pixa egiteko beste txakurrak uxatu eta fatxaden, hiri-altzarien eta espazio publikoko beste elementu batzuen korrosioa saihesten da.
Banaketa ekainaren 19an hasiko da, osteguna, Udaltzaingoaren bulegoetan, 9:30etik 14:00etara. Zakurraren kartilla edo pasaportea aurkezten duten pertsona guztiek jasotzen ahalko dituzte, betiere animalia Lizarran erroldaturik badago. Pertsona bakoitzeko botila bat emanen da, eta bi txakur baino gehiago erregistratuta izanez gero, beste botila bat jaso ahal izanen da, izakinak agortu arte. Halaber, banaketa aprobetxatuko dute herritarrei euren maskoten errolda berrikusi eta eguneratzeko gonbita egiteko.
Kanpaina honen helburu nagusia txakurren jabeen artean jarrera arduratsua sustatzea da, adierazi du Rafael Villanueva Ingurumen zinegotziak, pixak eragindako usainak murriztuz, udan beroak duen eragina minimizatuz eta udalerriko kale, plaza eta fatxadak egoera onean zainduz.
Udaletik ere gogorarazi dute txakur gorotzak jaso eta zakarrontzietara botatzearen garrantzia, ordenantza berak eskatzen duen moduan. Gorotzek, zikintzeaz gain, usain txarrak sortzen dituzte, istripuak eragin ditzakete, hiri-garbiketa zailtzen dute eta infekzio-foku bihur daitezke, gaineratu du zinegotziak. Eneko Erce (Ega Peludos) eta Eider Etxeberria Ingurumen teknikariarekin batera aurkeztu du kanpaina.
Mezua zabaltzen lagunduko duen Egapeludos enpresak txakur eta katuei buruzko kontzientziazio kanpaina asko ditu martxan eta dagoeneko 40 udalekin elkarlanean ari da.
ZIGORRAK AURREIKUSTEN DIRA
Ekimenaren helburua kontzientziatzea eta heztea bada ere, gogora ekarri dute ordenantza ez betetzeak zigorrak ekar ditzakeela. Horiek ohartarazpenekin has daitezke eta, berreroriz gero, isun ekonomikoak sor ditzakete.
Ingurumen Arloak erroldatutako txakurren jabe guztiak animatu nahi ditu euren botila jasotzera eta, batez ere, botila modu arduratsuan erabiltzera. “Horrelako keinu txikiekin, hiri garbiagoa, osasuntsuagoa eta bertako biztanle guztiekiko begirunetsuagoa izaten laguntzen da”.