Estella-Lizarrako Udalak monolito bat jarriko du datorren abuztuaren 21ean, ETAk duela 36 urte, 1988an, Uharte Donibanekoa Doktorea kalean hil zituen bi guardia zibilen omenez: Antonio Fernandez Alvarez eta Jose Ferri Perez.
Horrela, duela urte batzuk Udalbatzak biktimei omenaldia egiteko hartutako erabakia beteko da, horien oroimenean elementu bat jarrita.
Ekitaldia abuztuaren 21ean, asteazkena, izanen da, 12:00etan, Uhuarte Donibanekoa Doktorearen kalean. Bertan, Carlos Ciriza eskultore Lizarratarrak egindako monolito bat jarriko da. Gainera, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak 7.200 euroko dirulaguntza eman du.
Eraildako bi guardia zibilen senideak, agintariak eta polizia talde ezberdinetako ordezkariak gonbidatu dituzte parte hartzera. Era berean, omenaldiarekin bat egiteko deia egin diete herritarrei.
DUELA 36 URTE
1988ko abuztuaren 21ean, 07:30ean, 25 kilo amonalez eta 40 kilo metrailaz kargatutako bonba-auto batek eztanda egin zuen Uharte Donibanekoa doktorearen kalean, eta Guardia Zibilaren Trafiko Taldearen autoa bete-betean harrapatu zuen. Auto horretan zihoazen 35 eta 33 urteko bi guardia zibilak. Hiria luzaroan hunkitu zuen atentatua.
Atentatua gaitzesteko Udalak egindako osoko bilkurak, gainera, hil-kapera udaletxean bertan jartzea erabaki zuen. Hiletak San Joan elizan egin zituzten, eta, gainera, manifestazio jendetsua izan zen hirian: milaka lagun bildu ziren ETAren atentatua gaitzesteko.