Estella-Lizarrako Udalari Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NEZ) 1,34 milioi euroko dirulaguntza handia eman dio bi urtez ostalaritzako eta ibilgailuen karrozeriako lantegi eskolak eman ahal izateko Merkatondoako udal eraikinean.
Udalak aurkeztutako bi proiektuek oraingo honetan dirulaguntza jaso dute, 669.829 euro lortu dute Ostalaritza Lantegi Eskolarako eta 675.085 euro Ibilgailuen Karrozeriarako. Funts horien laguntzarekin, 30 urtetik beheitiko 30 langaberi prestakuntza emanen zaie bi urtez, 2024ko martxoaren 1etik 2026ko otsailaren 28ra.
Ikasleek beka batekin hasiko dute ikastaldiko lehenengo prestakuntza, hilabete eta erdi iraunen duena. Aste horietan gai hauek landuko dituzte, besteak beste: laneko arriskuen prebentzioa, ingurumenarekiko sentsibilizazioa, lanaurreko prestakuntza eta gaitasun digitalak.
2024ko apirilaren erdialdetik Lantegi Eskola amaitu arte, ikasleak Udalak kontratatuko ditu. Hilabete horietan 1. eta 2. mailako profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-moduluak lortzeko prestatuko dira. Gainera, gizarte lana eginen dute, bai ostalaritzakoa bai karrozeriakoa. Ekintza horien bidez, prestakuntza eta hirian egiten den lan produktiboa uztartzen dira, Lantegi Eskolako zuzendaritzak azaltzen duenez.
Gainera, kontratuaren lehen urtean LGSaren (Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren) %65 kobratuko dute, eta bigarren urtean, %85 (1.260 euro gordin hilean, 12 ordainsaritan, 2023an).
Laster, NEZk on line izena emateko aukera irekiko du https://formacion.navarra.es/es/. Informazio guztia jarriko da, eta plazak esleitzeko hautaketa-prozesua egonen da.
1989tik
Estella-Lizarrako Lantegi Eskola duela 34 urte hasi zen, 1989an, Egiatarren Jauregian, eta ordutik 16 lantegi-eskola eta beste zortzi enplegu-lantegi izan dira, bai eta hainbat PIFE (Prestakuntza eta Enpleguko Programa Integratuak) ere.