Estella-Lizarrako Udalak Arieta Haur Eskolako sei gelen eta jantokiaren egokitzapen akustikoa egin berri du. Esku-hartze horri esker, erreberberazio-denbora erdia baino gehiago murriztu da. Erreberberazio-denbora soinu bat esparru bateko horma eta sabaietan islatzen denean sortzen den fenomeno akustikoa da, iturri igorlea itzali ondoren ere irauten duena.
Lan horiekin, beraz, askoz ere giro erosoagoa eta osasungarriagoa sortu da zentroan, erabiltzaileen, langileen eta bisitarien entzumen-osasunari dagokionez, eta zarataren eraginpean egotea minimizatu da, panel fonoxurgatzaileen erabilerari esker.
Hain zuzen ere, 61×61 zentimetroko eta 4 zentimetro eskaseko lodierako panel zuri karratuak dira. Sabai eta hormei itsatsi zaizkie, eta oso emaitza positiboa izan dute, hasieran aurreikusitakoa baino hobea. Zehazki, ikasgeletan erreberberazio-denboraren murrizketa % 50,4 eta % 59 artekoa izan da; jantokian, berriz, ia % 70 murriztu da (% 69,8).
ID Ingeniaritza Akustikoa enpresak egin ditu lanak, eta, esku-hartze horretarako, Nafarroako Gobernuko Langileen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren 30.000 euroko dirulaguntza bat izan du Udalak, 0 eta 3 urte bitarteko zentroetan obrak egiteko tokiko erakundeei dirulaguntzak emateko deialdiaren barruan.