Estella-Lizarrako Udaleko Zerbitzuen Alorrak salatu du Alde Zaharrean pintada asko agertu direla azken egunetan, eta inguru horretako bizilagunen artean ezinegon handia sortzen ari dela. Zerbitzuen zinegotziak, Jorge Crespok, azaldu du ordenantza argia dela alde horretatik, eta adierazi du higiezinen jabeak direla haiek ezabatu eta gastuak ordaindu behar dituztenak.
“Pintada horiek egiten dituztenek jakin beharko lukete herritarrei egiten diela kalte handiena, ez Udalari, haien ardura baita haiek garbitzea. Egia da Udalak garbitu egiten dituela, baina ahal duenean, ez modu orokorrean, baliabide mugatuak baititugu eta ez baita horren betebeharra. Egun batzuk, hilabete bat… igaro ahal dira garbitu aurretik. Aurreko legealdiko irizpideari jarraitzen diogu”, adierazi du.
“Jendeak adierazpenak egitearen alde gaude, baina bere etxeak eta etxabeak pintatzen ari zaizkion bizilagunak ez daude ados, eta horiek dira, azken finean, pintadak kentzearen kostuari aurre egin behar dutenak, eta Udala arduratzen bada, baliabideak horretara bideratzera behartzen dute, hirian beste gauza batzuk egiteari utzita. Errespetu handiagoa izan beharko lukete bai bizilagunekiko, bai langileekiko; izan ere, gero batzuek zalantzan jartzen dute beren lana, auzoak garbitzeari utzi behar baitiote horrelako jarduketez arduratzeagatik”.
Azken egunotan hainbat auzotar eskaera egin dira Udalak bere higiezinak garbitzeko. Era berean, gorabeherak izan dira erdi aldean paperontziak hausteagatik edo argietarako kableak lapurtzeagatik, eta, beraz, “herritarren laguntza eskatzen dugu denon artean praktika horiek amaitzeko”, esan du zinegotziak.