2024ko ekainak 28

LGTBI+ 2024 Harrotasunaren Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala

Estella-Lizarrako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional hau onartu du gaur, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta.

Ekainaren 28an Nazioarteko komunitateak LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen, 1969an Stonewallen (New York) izandako istiluengatik. 1969ko ekainaren 28ko goizaldean polizia-sarekada bat egin zen LGTBI+ pertsonak ibiltzen ziren pub batean, eta istilu batzuk izan ziren. LGTBI+ pertsonen tabernetako polizia-sarekadak ohikoak ziren 60ko hamarkadan, baina goizalde hartan hiriko LGTBI+ pertsona guztien bat-bateko mobilizazioa eragin zuten. Gertaera horiek LGTBI+ pertsonen eskubide zibilen eta askatasunen aldeko lehen erakunde aktibistak bultzatu zituzten, konfrontazio-protestak egiteko eta gay eta lesbianen eskubideak sustatzeko. 1970eko ekainaren 28an gay harrotasunaren lehen martxak egin ziren New York eta Los Angeles hirietan, istiluen urteurrena ospatzeko, eta gaur egun urtero ospatzen dira mundu osoan zehar, ekainaren amaiera aldera.

46 urte igaro dira Espainian Arriskugarritasunari eta Errehabilitazio Sozialari buruzko abuztuaren 4ko 16/1970 Legean jasotako homosexualitate-delitua ezabatu zenetik. 1979ko urtarrilaren 11ko BOEn argitaratu zenean, homosexualitatearen kontrako legea amaitu zen. Hilabete geroago, 1979ko otsailean, sexu- eta genero-izaeragatik espetxeratutako pertsonak kartzeletatik atera ziren, eta amaiera eman zitzaien hainbat hamarkadatako mespretxu, umilazio, espetxeratze eta kriminalizazioari. Hala eta guztiz ere, 1983an aldatutako eta 1989an indargabetutako Eskandalu Publikoaren Legearen figurarekin jarraitu zuten LGTBI+ pertsonek.

Gaur egun, agertokia aldatu egin da. LGTBI+ kolektiboaren eskubideak bermatzen eta errespetatzen dituzten legeak ditugu, hala nola 4/2023 Legea, otsailaren 28koa, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerakoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa. Era berean, Nafarroa mailan, 8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ pertsonen gizarte-berdintasunerako. Baina gaur egun legezko aitorpen hori dagoen arren, kolektiboaren aurkako diskriminazio-egoerak ez dira eten, gaur egun homofobia, lesbofobia, bifobia eta transfobiaren ondoriozko erasoak eta diskriminazioak daude. Beraz, oraindik asko dago egiteko, eta Lizarrako Udalak badaki eta argi dauka. Beharrezkoa da lanean jarraitzea espazio guztiak pertsona guztientzat seguruak izan daitezen, pertsona baten izaera, orientazioa edo identitatea oztopo izan ez dadin.

Estella-Lizarrako Udalak badaki erakundeek zeregin garrantzitsua dutela oztopoak gainditzeko, ikuspegi feminista kontuan hartuko duten politika publikoak gauzatuz eta giza eskubideak defendatuz. Horregatik, Udalak honako hau erabaki du:

  1. Argi uztea LGTBI+ kolektiboaren aurka gerta daitekeen edozein eraso eta/edo oinarrizko eskubideen urraketa gaitzesten duela, eta ez dugula horrelako jarrerarik onartzen edo onartuko Lizarran.
  2. Ekainaren 28an, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, udaletxeko balkoian LGTBI+ bandera jartzea.
  3. Aurrekontuko partida bat izatea sexu- edo genero-aniztasuna eta LGTBIfobiaren aurkako prebentzioa lantzeko.
  4. Lizarrako LGTBI+ biztanleriaren errealitateei buruzko esplorazio-diagnostiko bat egitea, ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik eta modu parte-hartzailean, ondoren LGTBI+ pertsonen eskubide indibidualak eta kolektiboak defendatzeko eta sustatzeko udal-politikak diseinatu eta ezarri ahal izateko.
  5. Lizarran LGTBI+ pertsonak ikusarazten laguntzea, sexu-orientazioan, genero-adierazpenean eta sexu- edo genero-identitatean, harreman afektibo-sexualetan eta familia-harremanetan aniztasunaren balio positiboa sustatzeko kanpainak babestuz eta eginez. Halaber, sexu-orientazioagatik, genero-adierazpenagatik eta sexu- eta genero-identitateagatik LGTBI+ kolektiboko pertsonek jasaten duten diskriminazio anizkoitza desagerrarazteko.
  6. LGTBI+ kolektiboekin eta Lizarrako Kattalinguneko zerbitzuarekin lankidetzan aritzea.

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba