Estella-Lizarrako Udalak jakinarazi duenez, Frantzian eta Kataluniako zenbait eremutan Dermatosi Nodular Kutsakorra (DNC) dela-eta osasun-alerta ezarri ondoren, Nafarroako Gobernuak prebentziozko Foru Agindu bat eman du, eta horrek eragina izan lezake Foru Komunitate osoan egiten diren ganadu-feria eta kontzentrazioetan.
Udalak harreman iraunkorra du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin, neurrien norainokotasun zehatza ezagutzeko eta azaroaren amaierarako aurreikusita dagoen San Andres Azienda Feria tradizionalean izan dezaketen eragina ezagutzeko.
Behin betiko ondorioak oraindik zehaztu ez badira ere, eta aldaketaren bat egon liteke orain eskuragarri dugun informazioari dagokionez, itxura guztien arabera, murrizketek abeltzaintza feria ohiko formatuan egitea galaraz lezakete, biosegurtasuneko eta osasun prebentzioko irizpideak aplikatuz.
Udaletik lasaitasun, erantzukizun eta elkarlan instituzionaleko mezua helarazi nahi dute, gogoraraziz DNCa ez dela pertsonei transmititu dakiekeen gaixotasuna, eta hartutako neurrien helburua dela Nafarroako abere-azienda babestea eta kutsatzeko arriskuak saihestea.
Era berean, Udalak Nafarroako Gobernuarekin etengabeko elkarrizketan jarraituko du eta abeltzainak eta herritarrak jakinaren gainean edukiko ditu, informazio ofiziala eta eguneratua dagoen heinean.
San Andres ferien barruan aurreikusitako gainerako jarduerek —azoka tradizionala, ekitaldi kultural eta gastronomikoak— aurrera jarraitzen dute normaltasunez, Lizarran garai honetan ohikoa den jai eta topaketa espirituari eutsiz.
Azkenik, gure babes zintzoena helarazi nahi diegu egoera honek eragin diezaiekeen abeltzaintza sektoreko pertsona guztiei. Datozen egunetan harremanetan egonen gara kolektiboarekin, gure feriaren protagonista izaten jarraitzeko formulak bilatzeko, egoerara egokituz.