Nafarroako Gobernuak udalei komunikazio bat bidali die, irailaren 18ko ostegunetik irailaren 20ko larunbatera bitartean aurreikusitako sute-arrisku handiaren berri emanez.
Eguneko zein gaueko tenperatura altuek, hegoaldeko haizeekin batera, landarediak erretzeko duen gaitasuna eta suteak gertatuz gero zabaltzeko aukerak oso handiak izatea eragiten dute egun horietan. Horren ondorioz, zuhurtzia eta alerta maila gorena eskatzen duen egoera aurkezten da.
Horregatik, dei egiten da prebentzio-neurriak muturreraino zorroz daitezen eta udalerrietan egiten diren jarduerak zaindu eta kontrola daitezen. Era berean, beharrezkoa da herritarrei sua erabiltzeko orduan prebentzio-neurriak zorrotz betetzeko premiazko mezua helaraztea.
Gogorarazten da sute-arrisku oso handia edo muturrekoa dagoenean, eta indarrean dagoen araudiaren arabera, ezin dela eremu ez-urbanoko sua modu ludikoan erabili (barbakoak, material piroteknikoa, erromerietako suak…), ezta inolako erretzerik ere. Era berean, debekatuta dago ibilgailuen zirkulazioa baso-bideetan eta beste landa-bide batzuetan, O.F. 222/2016an eta Nafarroako Gobernuak 2025eko maiatzaren 28an onartutako erabakian jasotzen den bezala, zeinaren bidez onartu baitzen 2025eko urteko plana –Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteen prebentziorako, zaintzarako eta itzalketarako–.
Halaber, sute-arriskua sor dezaketen makineria eta ekipoak erabiltzean arreta berezia jarri behar da, aipatutako araudiari jarraikiz.
Udalerriek bereziki kontuan izan behar dute egun horietan beren jai nagusiak ospatzen ari badira, ikuskizun piroteknikoak gutxienez astebeteko aurrerapenarekin jakinarazi behar zaizkiola SOS Nafarroa-112ri. Gogorarazten da, halaber, ez direla baimenduko aurreikusitako sute-arriskua oso handia edo muturrekoa den egunetan.
Udalerrika eguneroko sute-arrisku maila eta bi eguneko aurreikuspena, baita lehen aipatutako baldintzak ere, kontsulta daitezke helbide honetan:
👉 https://www.navarra.es/es/prevencion-de-incendios-forestales
OSASUNERAKO ARRISKUA
Bestalde, tenperatura altuen ondorioz, eta “Nafarroan 2025ean gehiegizko tenperaturek eta airearen kutsadurak osasunean dituzten ondorioak prebenitzeko plana” jarraituz, beroaren aurkako neurriak hartu behar dira, batez ere pertsona zaurgarrienek.
Nafarroako erdialdean egun hauetan osasunerako arriskua dago, baxua bada ere; izan ere, biharko, irailaren 18rako, 34,3 gradura iritsiko dira tenperaturak.