Javier Ciga artistaren «Figurazioa eta esentzia» aldi baterako erakusketa dela eta, Museoak 2024ko urriaren 27ra arte Aldi baterako Erakuketa Aretoan hartzen duena, irailaren 14an, larunbata, 11:30ean, Fermin Alvira artistak zuzendutako «Dibujar a Ciga» marrazketa-tailerra izanen da.
Koadroak edo horien xehetasunak marraztea proposatzen da, jatorrizkoak zuzenean behatu ondoren. Museoan «kopista» giroa sortzea da asmoa, teknika lehorren erabilera bakarra bermatuz. Parte-hartzaileek beren materiala, arkatza eta koadernoa ekarri behar dituzte.
Jarduera honen bidez, Museoko aldi baterako erakusketaz modu dibertigarri eta sortzailean gozatzeko espazio desberdin bat sustatu nahi da. Saioa publiko guztiei irekia izanen da eta Fermin Alvira artista izanen du lagun, marrazketa lanari aurre egiteko jarraibide errazak ematen.
Parte hartzeko beharrezkoa izanen da aldez aurretik izena ematea, plazak mugatuak dira eta izena aurrez aurre eman behar da Gustavo de Maeztu Museoko harreran, asteartetik larunbatera 9:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara; igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara edo telefonoz 948 546 037 zenbakira deituta.
Bestalde, irailaren 15ean, igandean, 12:00etan, «El Museo GDM suena» musika-programa hasiko da. Beste batzuetan bezala, kontzertu-ziklo bat izanen da, eta irailetik 2024ko abendura bitartean garatuko da, Fernando Sánchez saxofoi-jotzaileak zuzenduta.
Irailaren 15ean, igandea, 12:00etan, musika-programa honetako lehen kontzertua izanen da Mirko Zanotti gitarra-jotzaile klasiko italiarrarekin. Kontzertu bakarlari gisa aurkeztuko da, musika bere pasioaren bidez partekatuz. Curriculum nabarmenarekin eta nazioarteko ibilbidearekin, obra klasikoak zein konposizio garaikideak biltzen dituen programa proposatuko du musikariak. Bere emanaldia benetako bidaia musikala izanen da gitarraren munduan zehar, garai eta estilo ezberdinak esploratuz.
Jarduera honetarako sarrera doakoa da, pinakotekan egiten diren guztiak bezala. Jarduera horien bidez, museoa topagune bihurtzen da; zentzumenen pertzepzio berriak sortzeko espazio bat bertaratzen direnentzat. Museoak artea aktibatzeko modu berriak bere kultur programazioan txertatzeko apustua bultzatzen du.