Guztira 38 establezimenduk eman dute izena Estella-Lizarrako Udaleko Merkataritza, Turismo eta Ostalaritza Arloak antolatzen duen Gabonetako Erakusleiho Lehiaketan parte hartzeko. Era berean, 9 saltokik eman dute izena lehen ‘Jaiotzen Ibilbidean’ parte hartzeko.
Bi ekimen horiek herriko dendetan kontsumoa sustatzeko antolatzen dira, eta 2.800 euro banatuko dira saritan, erosketengatik trukatzeko. 1.800 euro Erakusleihoen Lehiaketara joanen dira: 1.000 euro saltoki irabazlearentzat, 500 euro bigarrenarentzat eta 300 euro herritarrek bozkatutako erakusleiho onenarentzat. Herritarrek botoa eman ahal izanen dute Udalaren web orrian (laster iragarriko dira datak).
Erakusleihoak, bestalde, larunbat honetatik urtarrilaren 7ra arte egonen dira muntatuta, eta lehen bi sariak epaimahai batek erabakiko ditu. Sormena, kokapenaren originaltasuna, elementu apaingarriak edo argiztapena bezalako alderdiak hartuko dira kontuan.
Bestalde, ‘Jaiotzen ibilbidea’ osatzen dutenen artean, 500 euroko bi sari zozketatuko dira atxikitako bederatzi dendetan gastatzeko: Marta Moda, Mª José Echávarri Farmazia, Optika Lizarra, Modas Alicia, Ana Mertzeria, Jordana inprimategia, Muguerza harategia-urdaitegia, Saludarte eta Montero Vega markoztaketak.