Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2021eko uztailak 7

Larunbatean Plazara!-k hirugarren urteurrena ospatuko du gazta egiteko tailer batekin eta baratzeko produktu ugarirekin

Merkatuak iraun bitartean fikziozko dokumental baten zati bat grabatuko da, kontsumo-ohiturei, jasangarritasunari eta ingurumenari buruz kontzientziatzeko helburua duena

Datorren larunbatean, uztailaren 10ean, Estellerriko ekoizleen Plazara! merkatuak hirugarren urteurrena beteko du, eta, ezohiko proposamen erakargarri batzuk izanen dira bertan. Ohi bezala, merkatua goiz osoan zehar bisitatu ahalko da Ega hiriko Foruen plazan, baina oraingo honetan, gainera, jarduera osagarri gisa gazta egiteko tailer bat programatu da 12:00etan, CPAEN-NNPEKen laguntzari esker. Tailerra Goldaratzeko Josean Iturralde abeltzain eta ekoizleak eskainiko du.

Gainerakoan, Foru plazara hurbiltzen direnek hogei postu inguru izanen dituzte bertan,  eta horietan kalitate handiko bertako produktuak erosi ahalko dituzte, hein handi batean ekologikoak. Une honetan, baratzeak ekoizpen betean dabiltza, besteak beste, piper berdea, leka, tomatea, tipulina, porrua, patata, alberjiniak, luzokerra, tipula edo baratxuri morea biltzen ari dira.

DOKUMENTAL BAT GRABATZEA

Merkatua egiten den bitartean, gainera, fikziozko dokumental baten zati bat grabatuko da. Landarlan Gipuzkoako ingurumen elkartearen ekimena da, eta hainbat alderdiri buruz kontzientziatzea du helburu, hala nola: “Gure kontsumo-ohiturak, zer jaten dugun, nola ekoizten den eta nork ekoizten duen, osasunarekin duen harremana, jasangarritasuna edo ingurumenaren zaintza. Izan ere, dena nolabait lotuta dago eta denok jar dezakegu gure aldetik zerbait”, adierazi du proiektuaren ardura duen taldeak.

Plazara!-ren ezaugarriak ezagutu ostean, elkarteak erabaki zuen Estella-Lizarran grabatzea dokumentalaren zati bat, esan dutenez, “bai Nafarroako (Iruñerriko Landare kontsumo taldea), bai Euskadiko eta baita Iparraldeko” ekoizleak batzen direlako bertan.

Ikus-entzunezko lan honek zabalkunde handia izateko asmoa du, eta horrek ekarriko du bai Plazara! bera eta baita Estella-Lizarra ere are gehiago ezagutaraztea. Izan ere, hiriko leku enblematikoetan ere hainbat plano grabatuko dituzte.

 

NOTICIAS RELACIONADAS