Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2020ko irailaren 23an

Gizarte Zerbitzuen instalazio berrien estreinaldi ofiziala Estella-Lizarran

Mankomunitatearen egoitza zaharrak abuztuaren amaieratik aurrera Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzua eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Zerbitzuen Zentroa hartzen ditu

Foto noticia

Nafarroako Gobernuak guztira milioi bat euro inbertitu ditu Lizarrako eta Merindadeko Gizarte Zerbitzuak hobetzeko. Kopuruaren erdia instalazio berriak egokitzera bideratu da.

Bigarren Lehendakariordea eta Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Aierdi, eta Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu, gaur izan dira Jurramendiko Mankomunitateko lokal zaharrean kokatutako instalazio berriak bisitatzen honako hauekin  batera: udalerriko alkatea den Koldo Leoz; Udaleko Giza Eskubideen Batzordeko lehendakaria, Edurne Ruiz; Babes Sozialeko eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusia, Andrés Carbonero; eta Gizain Fundazioaren zuzendaria, Pedro Ardaiz.

Zehazki, Foru Exekutiboak guztira 495.297 euro jarri ditu 705 metro karratuko lokal berriak egokitzeko; lokalak Nasuvinsa sozietate publikoak egokitu ditu. Gainerako zenbatekoa, milioi bat eurora bitarte, hainbat arreta-programa garatzeko erabili da.

Bi kontseilariek gaur bisitatu dituzten instalazioetan, Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen bulegoak eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Zerbitzuen Zentroa aurkitzen dira. Bi zerbitzu horien artean, 2019an, Lizarra eta eskualdeko 2.026 pertsonari eskaini zioten arreta.

Instalazio berriak

Instalazio berriak abuztuaren amaiera aldera jarri ziren martxan. 2010az geroztik erabiltzen ez zen lokal batean aurkitzen dira, Jurramendiko Mankomunitateak Nasuvinsa sozietate publikoaren esku utzi ondoren. Azken hori arduratu da egokitzeko proiektua idazteaz eta obrak gauzatu eta finantzatzeaz.

Obren barnean, jasogailu bat jarri dute egoitza bakoitzean eragozpen fisikoak kentzeko; halaber, kanpoko arotzeria eta komunak aldatu dituzte indarrean den araudiaren arabera. Horrez gain, klimatizazio eta aireztapeneko instalazio osoa berritu da; baita argiteria eta barneko estaldurak ere.

Gizarte Zerbitzuen Zentrora Sancho el Fuerte kaletik barrena sartzen da, eta lehen solairuan 4 bulego, lanerako 3 gela, bilera-gela, office bat, harrera-zona, itxaroteko gela eta komunak daude.

Bestalde, Lizarrako Udaleko Gizarte Zerbitzuetara bizitegi-eraikineko alakatik sartzen da. Behe solairuan, 5 bulego, balio anitzeko gela, harrera-zona, itxaroteko gela, komunak eta bainugela bat daude. Lehen solairuan, berriz, 5 gela eta office bat jarriko dira.

Bisitan zehar, Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk Gizarte Zerbitzuek egiten duten lana nabarmendu du; izan ere, “babes-sistemarako sarrera-atea dira”; halaber, herriko Udala ere aipatu du. “Beti dira funtsezkoak –esan du Maeztuk-, baina bereziki pandemia-garai hauetan, pertsona asko ahultasun-egoeran aurkitzeagatik eta Gizarte Zerbitzuen beharra gero eta handiagoa izateagatik”.

Jose Mª Aierdi bigarren lehendakariordeak azpimarratu du Sancho el Fuerte kaleko egoitza berria egokitzea eta ospitale zaharra alokairuko etxebizitzak sustatzeko osorik birgaitzea bezalako esku-hartzeek (hitzarmen baten bidez loturiko proiektuak, biak), “izugarri laguntzen dutela Lizarrako hirigune historikoaren hiri-berroneratzean eta bizikidetzarako eta jarduerarako espazio gisa berreskuratzerakoan”. Modu berean, Udalaren eta Gobernuaren arteko lankidetza instituzionala nabarmendu du, “Egako hiria eskualdeko lurralde-dinamizazio eta -garapenerako benetako ekarle gisa suspertzeko”.

Inbertsioak programen arabera

2019. urtean, Lizarrako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak 1.183 pertsona artatu zituen (%53 emakumeak). Jardueren artean, aipatzekoak dira 124 familiatan burututako jarduerak, adingabeak artatzeko eta babesteko laguntza jaso baitzuten, guztira 148 mutil eta 109 neska. Horiei batu behar zaizkie Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuak artatutako beste 50 pertsona (horietatik %62 emakumeak).

Eskubide Sozialetako Departamentuak Gizarte Zerbitzuen kostua finantzatzen laguntzen du, beste toki-erakunde batzuekin batera. Estella-Lizarrari dagokionean,  2019an finantzaketa 204.998 eurokoa izan zen, babestutako enplegu sozialeko programarako 125.414 euroko ekarpenaz gain; azken horrekin 26 pertsona kontratatu ahal izan ziren. 2020ko proiekturako, dagoeneko 152.398 euroko diru-laguntza eman da programa honetan erabiltzeko.

Finantzaketa gizarte-inklusio eta -larrialdiko prozesuetarako funtsekin osatzen da. 2019. urtean, guztira 51 laguntza eman ziren 32 familia-unitaterentzat; hots, guztira 70 pertsona hartu zituzten. Kostua 18.406 eurokoa izan zen, Udalak 3.406 euro jarri zituen eta Eskubide Sozialak 15.000 euro.

Larrialdiko funts hori 2020an gehitu egin da COVID-19a dela-eta, eta 11.395 euroko ezohiko ekarpena egin da, gehi beste 23.123 euro langileen errefortzurako, Eskubide Sozialen Ministerioko Aparteko Funtsaren eta Agenda 2030en bitartez.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Lehen Zentroa

Lizarrako Gizarte Zerbitzuen Zentroa Nafarroan irekitako lehena izan zen 2010ean. Hamar urte hauetan, 7.000 pertsona artatu ditu, 843 azken urtean taldeko edo banako esku-hartzeetan. Artatutako pertsonen %80a emakumeak dira eta 171 adingabeak.

Zentroak urtean 244.000 euroko aurrekontua du, eta aipatzekoa da arreta eskaintzen diela Egako hiriko biztanleei nahiz honako herri hauetako oinarrizko zonetakoei: Allo, Los Arcos, Gares, Villatuerta, Viana, Antzin-Ameskoa, nahiz Lodosa eta San Adriangoei.

Gizarte Zerbitzuen Zentroa Haurrak eta Nerabeak Artatzeko taldeak (EAIA), Gizarteratze eta Laneratzeko Taldeak (EISOL) eta Genero Indarkeriaren Biktimei Arreta Integrala emateko taldeak (EAIV) osatzen dute.  Zentroan, koordinazio-figura bat eta administrazio-lanetako pertsona bat ere badaude. Guztira, profil oso ezberdinetako 16 profesional aritzen dira (Psikologia, Gizarte Hezkuntza eta Gizarte lana, batez ere), eta akonpainamendu, orientazio, aholkularitza, esku-hartze eta trebakuntza arloko lanak egiten dituzte.

EAIAren kasuan, 82 familia eta 151 adingabe artatu zituen; EAIV taldeak 166 emakume eta 20 adingabe artatu zituen; EISOLek, berriz, 140 pertsona artatu zituen.

Gainera, beste 33k prestakuntza-ibilbideetan hartu zuten parte, eta 251 lagunek taldeetan eta tailerretan.

2019ko maiatzetik aurrera, honako hau, Tuterako eremukoarekin batera, Gizarte Zerbitzu Publikoak Kudeatzeko Nafarroako Fundazioak, Gizainek, kudeatuko du.

Fuente y Fotos: Gobierno de Navarra