2020eko ekainak 26

Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu du Lizarraldeko udalekin Montejurrako paisaia berezia babesteko

Akordioak helburu du eremuaren babesa eta erabilera arautzeko plan bateratua osatzeko oinarriak ezartzea

Foto noticia

José María Aierdi, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak, Lizarraldeko bederatzi herrietako alkateekin Montejurrako paisaia berezia babesteko hitzarmena sinatu du. Akordioren xedea eremuaren babesa eta erabilera arautzeko plan bateratua osatzea da.

Nafarroako Jauregiko erabilera anitzeko aretoan egindako ekitaldian zinpetu da gaur hirigintza lankidetzarako akordioa. Bertan izan dira Aierdi lehendakariordearekin batera, Izaskun Abril Lurralde Antolamendurako zuzendari nagusia eta bederatzi herrietako alkateak: Pablo Rodríguez, Aberingo alkate ordea; Iñaki Urriza, Arellanoko alkatea; Leonardo Camaces, Ayegui; Mikel Azkona, Deikaztelu; Koldo Leoz, Lizarra; José Ignacio Urra, Iguzkitza; Aurelio Pardo, Lukin; María Pilar Barbarin, Morentin; eta, Eugenio Fernando Barbarin, Villamayor de Monjardingo alkatea.

Herri horietako ordezkariek Nafarroako Gobernuari Montejurrako paisaia osotasunean kudeatzeko plan bateratua osatzeko proposamena egin zioten 2017an. Hala, hirigintza eta lurralde arloko tresna bateratu bat prestatzeko, hartan arautu daitezen erabilerak eta jarduerak, eta babes dadin Montejurrako paisaia berezia.

Paisaia bereziak “nortasun-adierazle gisa berebiziko balioa duten parajeak, ondarearen osagai eta eszenatoki apartak, merezimendu historiko-kultural eta sinboliko handiak dituztenak” dira. Lurralde Antolamendurako Planak Babes Bereziko Eremutzat du kalifikatua Montejurrako eremua eta, hortaz, babestu beharreko lurzoru urbanizaezintzat ere bai.

Xedeak

Luralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak hartuko du sei hilabeteren epean plan bateratua garatzeko ardura. Bestalde, udalek Departamentuaren esku jarriko dituzte hori gauzatzeko beharrezkoak diren dokumentuak eta informazio guztia.

Planak honako lau helburu hauek lortzeko osatuko da: esparru komun bat ezartzea paisaia bereziaren plangintza, kudeaketa eta antolamendua egiteko; Montejurrako kalitate eszenikoa babestea, eta paisaiaren izaera hautematen laguntzen duten balio batzuk kontserbatzea; paisaiaren izaera leheneratzea; eta Montejurra inguruko herrien batasuna islatzen duen ikur bilakatzea.

Horretarako oinarri teknikoak hartuko dira kontuan, hala nola, elementu naturalen artean harkaitz bereziak, artadiz estalitako mendi magalak eta sastrakadi mediterraneoak; elementu antropiken artean mendiko bideen sarea, horien artean Donejakue bidea, baselizak eta bordak zein balio historiko zein kulturalak, aisialdikoak eta ekoizpenekoak.

Jarraipen batzordea eta parte hartze plana

Gaur zinpetutako hitzarmenak lau urteko luzapena izanen du eta hitzarmena luzatzeko aukera izanen da gehienez beste lau urtez. Epe horretan, Jarraipen Batzordeak, zeina Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Orokorrak eta udaletako ordezkariek osatuko dute eta haiena izango da planaren garapena gainbegiratzeko, beharrezkoak diren arauak ezartzea zein sor daitezkeen zalantzak argitzea.

Uztailean, NASUVINSAk, departamentuari atxikitako enpresa publikoak, parte hartzerako plana abiatuko du Plan Bateratuk eragina izango duen alde guztien iritziak jasotzeko eta hala planari gizarte ikuspegia ezartzeko.

Paisaiari buruzko Europako Hitzarmena

Aierdi lehendakariordeak ekitaldian adierazi duenez, “elkarlanerako hitzarmena Nafarroako Gobernua, Paisaiari buruzko Europako Hitzarmenaren oinarriak jarraituz, paisaiaren politikan garatzen ari den ekimenetariko bat da”, zeinak helburu duen, ikuspegi holistikotik, paisaia lurraldearen ulermena eta azterketa lantzeko tresna gisa ezartzea, giza ingurunearen eta gure komunitatearen kultur eta natura aniztasunean oinarrizko elementu moduan aintzatetsiz.

Horretarako, Lurraldea Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak Paisaiaren Europako Hitzarmena aplikatzen jarraituko du, paisaia babesteko, antolatzeko eta kudeatzeko konpromiso politikoa baita, hots, baliabide ekonomikoa, bizi-kalitatearen faktorea, nortasun-elementua eta lurralde-gobernantzaren konplexutasunean esku hartzeko tresna erabilgarria.

NOTICIAS RELACIONADAS

Volver arriba