Estella-Lizarrako Udalak, Lezaun, Oteitza eta Villatuertakoekin batera, Irantzu Mankomunitatearekin eta Garean Elkartearekin, haurrendako ekitaldi programa bat antolatu du udarako, ‘Udan blai’ izenarekin. Igande honetan hasiko da, uztailak 12, eta irailaren hasieran bukatuko da.
‘UDAN BLAI’
“Udan Blai” izenarekin “Blai” eta “Bai” hitzekin jolastu nahi izan dugu: Blai, bustitzea, jolastea, dibertitzea, murgiltzea… eta Bai, baikortasuna, erabakia. Udan Blai, Udan Bai, eta beraz Udan ere Bai euskaraz Blai.
Udalak udarako kultur programazio aberatsa antolatzen ari dira eta, haien baitan, baita euskarazko proposamenak ere. Horiekin batera Garean elkarteak eta euskara zerbitzuek ere euskarazko aisialdia ekarri nahi dute gure plazetara.
Udan Blai ideiak behar ugariri erantzuten dio. Batetik, tokian tokiko eta unean uneko kultur programetan euskaraz diren ekitaldi horiek nabarmentzea, oharkabean pasa ez daitezen. Bestetik, eskualdearen koordinazio ahalegina, euskarazko eskaintzari dagokionez agenda koherente bat izateko. Hirugarrenik, euskaraz ikasten duten haurrek hizkuntza-errepertorio zabala izan dezaten, ez soilik formala edo akademikoa, beharrezkoa baita gozatu bitartean euskaraz aritzea: plaza, areto eta antzokietako kultur emanaldiekin barre edo negar egitea, edota zur eta lur geratzea bizi osorako gera daitezkeen esperientzia ederrak bilakatu daitezke eta beste hizkuntza-errepertorio batzuk barneratzen lagundu dezakete.
Azkenik, kezka bati erantzuten dio. Hizkuntzak era komunitarioan ikasten dira hobekien, taldean, aurrez aurre, ahalik eta ordu gehien eginez eta egoera ezberdinetan hitz eginez. Eskolek hori eskaini dezakete, baina eskola telematikoen garai honetan eta udako oporraldi betean gaudela, haur askok aukera gutxiago izan dute euskaraz mintzatzeko. Udan Blairen asmoa ere bada bertako familia hauei zein bisitatzen gaituztenei kalitatezko eta gozamenezko espazioak eskaintzea udan zehar.
Azkenik, gogoratu nahi dugu ekitaldiak egin ahal izateko, osasun-neurriak bete beharko direla, bereziki gutxieneko distantzia errespetatzea eta jarduera guztietara norberak bere maskara ekartzea. Halaber, jarduera bakoitzaren arduradunak emandako jarraibideei jaramon egin beharko zaio. Oharrekin bukatzeko, aipatu edukiera mugatua izanen dutela ekitaldiek.
ANTOLATZAILE: Estella-Lizarra, Deierri, Lezaun, Oteitza eta Lezaungo udalak. Irantzu mankomunitatea. Garean elkartea.
LAGUNTZAILE: Abartzuza, Gesalatz eta Jaizko udalak. Nafarroako Gobernua. Lizarra Ikastola, Remontibal IP, Zumadia IP
JARDUERAK
Uztailaren 12a, igandea
Zinema emanaldia: “Oker”
Villatuerta, Kiroldegiko erabilera anitzeko aretoa
19:00. Familia artekoa. Doan
Uztailaren 13a, astelehena
Liburutegi ibiltaria
Aritzala, Montalban Gizarte Etxea
12:00 -14:00. 4 -12 urte. Doan
Uztailaren 15a, asteazkena
Hodei magoa: “Tutti magia”
Los Llanos kulturagunearen lorategia
20:00. Familia artekoa. 2€
Uztailaren 20a, astelehena
Liburutegi ibiltaria
Aritzala, Montalban Gizarte Etxea
12:00 -14:00. 4 -12 urte. Doan
Uztailaren 22a, asteazkena
Zientzia tailerra
Errezu, elkartean
18:30. 4-12 urte. Doan (izen ematea 663219250)
Uztailaren 27tik 30era
Hiri udalekuak
Abartzuza
16:00 -19:00. 3 -10 urte. Doan (izen ematea 622154523)
Uztailaren 28a, asteartea
Zirika zirkus: “Zinemaz Blai”
Los Llanos kulturagunearen lorategia
20:00. Familia artekoa. 2€
Abuztuaren 2a, igandea
Kiki eta Moko pailazoak
Allotz
18:30. Familia artekoa. Doan
Abuztuaren 5a, asteazkena
Izeba Tekla (musika, jolasa eta pianoa)
Lezaun
18:30. Familia artekoa. Doan (erreserbatzeko 622 154 523)
Abuztuaren 7a, ostirala
Hodei magoa: “Ordu magikoa”
Oteitza
21:30. Familia artekoa. Doan
Abuztuaren 9a, igandea
Ginkana eta jolasak
Villatuerta, Osasun etxeko parkea
11:00
6 urtetik aitzina. Doan (izen ematea 661 665 111 whatssapean)
Abuztuaren 12a, asteazkena
Apaxi ipuin kontalaria, bi saio
Los Llanos kulturagunearen lorategia
19:30. 5-9 urte ipuin kontaketa
22:00. 10 urtetik gora Beldurrezko ipuinak. 2€
Abuztuaren 15a, larunbata
Ameli ipuin kontaketa
Muetz, Gesalazko kiroldegiko frontoia
19:30. Familia artekoa. Doan
Abuztuaren 19a, asteazkena
Euskal dantza tailerra
Deierri
18:30
Edozein adinetarako. Doan (izen ematea 663219250)
Abuztuaren 22a, larunbata
Karrikara jolasak
Jaitz
12:00. 6 urtetik aitzina (izen ematea 622 154 523). Doan
Abuztuaren 26a, asteazkena
Olatz Salvadorren kontzertua
Los Llanos kulturagunearen lorategia
21:00. 2€
Irailaren 4a, ortzirala
Zinema estreinaldia: “Tess-en uda”
Lezaun. 20:30
Familia artekoa. Doan
Irailaren 5a, larunbata
Izeba Tekla (musika, jolasa eta pianoa)
Oteitza
20:30. Familia artekoa. Doan