Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2021eko irailak 14

Estelleriko eta Izarbeibarko euskaltegietan matrikulatzeko epea zabalik

Estella-Lizarrako Udalak aurten ere bekak eskainiko dizkie euskara ikasi nahi duten heldu erroldatuei.

Foto noticia

Estelleriko eta Izarbeibarko euskaltegietan matrikulatzeko epea zabalik

Estella-Lizarrako Udalak aurten ere bekak eskainiko dizkie euskara ikasi nahi duten heldu erroldatuei.

 

ONDOREN, LIZARRAKO, LODOSAKO ETA GARESKO EUSKALTEGIEN PRENTSA OHARRA ERANTSI DA

2021-2022 IKASTURTEAREN MATRIKULAZIO KANPAINA: Ikasi euskara, bidelagun onenarekin

 Deialdian aipatzen genuen bezala, beratan, nirekin batera AEK-ko 3 euskaltegietako ordezkariak dituzue: Lodosako Galtzagorri AEK euskaltegia, Gareseko Errobi AEK euskaltegia eta Lizarrako Beinat Etxepare AEK euskaltegia. Euskara teknikariak, Ordezkari politikoak eta norbanakoak: ikasleak, bestelakoak. Eta, horien artean, aurtengo matrikulazio kanpainan mugarria izango den bizidekarra, irakaslea eta ikaslea elkarren ondoan, euskaltegietako altxorrik handienak, hain zuzen.

Deitu zaituztegu, azken urteetan bezalaxe, ikasturte berriaren matrikulazioaren aurkezpena egiteko; izan ere, AEK-ko euskaltegi guztietan matrikulazioa zabalik dago iraileko hil osoan zehar. Euskara ikasteko garaia berriz hemen dugu, euskara maila hobetzeko, euskara erabiltzen jarraitzeko, …

Amaitzear dugun ikasturteak erakutsi digu, egoera zail honetan ere, euskara ikasi-hobetu nahi duten herritarren gogoa hortxe dirauela, ikasle-irakasleen ahaleginari esker, unean uneko babes neurriak beteta, euskalduntze prozesuan aurrera egin dugula. Esfortzu  hori eskertu nahi dugu, horren ondorioz, arrakasta handiz burutu baititugu ohiko ikastaroak.

Ate joka dugun ikasturte berriari begira, asko ikasi dugu. Eta ziur gaude, iazko esperientziatik abiatuta eta pandemiaren bilakaeran aurreikusten den hobekuntza tarteko, 21-22 ikasturtean, euskaltegietara hurbiltzen diren herritarrak inguru seguruago bat topatuko dutela.

Gainera, azpimarratu nahi dugu herritarren erantzuna izugarria izan dela; zer gertatuko zen inork ez zekien arren, ikasleak etorri dira euskaltegietara, ikasten jarraitu dute, bai aurrez-aurreko ikastaroetan, baita autoikaskuntza, zein online formatuan ere.  Ea ikasturte berrian, herritarrek berdin erantzuten duten, eta ea, neurriak nahiz baldintzak doitzeko aukera dugun.

Datozen egunetan birmatrikulatu diren, zein interesatuta dauden ikasleekin bilerak eginen ditugu, inor interesatuta egonez gero, lehenbailehen gurekin harremanetan jar dadila.

Urrian hasiko den ikasturtean berdin segituko dugu: ohiko ikastaroekin alegia; betiere, unean uneko osasun-neurrietara egokituta. Hala, hauek izango dira AEKn euskara ikasteko aukerak:

  • Euskaltegietan, aurrez aurreko taldeak: ohiko euskalduntzea eta mailak egiaztatzeko ikastaroak, ordutegi guztietan. Hauekin, gogorarazi nahi dugu, hasieran aipatu ditugun euskaltegietako egoitzez gain, eskaera eta taldea sortzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen diren edozein herritan artatzen ditugula taldeak.
  • Autoikaskuntza euskaltegian. euskalduntzeko A1 mailatik C1 mailara bitarteko ikastaroak eskaintzen dira; baita azterketak prestatzekoak ere. Tutorearen zuzeneko aholkularitza eta jarraipena eskainiko ditugu aurrez aurreko tutoretza-saioen bidez. Horrez gain, astero mintza-saioa izango da mintzamena taldean lantzeko.
  • Eredu konbinatua, aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartuta.
  • Online ikastaroak.
  • Foruko barnetegia, Urdaibaiko biosfera-erreserban, urte osoan zabalik.

Beraz, etxeko eta lagunen arteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko, bilatzen ari diren euskara-maila ezagutzeko, garena ikasteko, eta abar, herritarrek AEKn aukera ugari dute. Norberak bere neurrikoa aurki dezake.

Gainera, zeregin horretan, AEKn matrikulatzen direnek gertu izango dituzte irakasleak. Irakasleak, ikasleekin batera, AEKren altxorrik garrantzitsuenak direlako, eta, bereziki, ikaslearen pertsonarik hurbilenak dira. Uste dugu jendeak nahi duen euskara mailaraino iristeko AEK-ko irakasleak bidelagun onenak direla.

Bide guztiak omen doaz euskarara…… eta bideetako batzuk atseginagoak eta eraginkorragoak dira. Hori dela eta, herritarrak animatzen ditugu euskara ikastera AEKren bidean.

Zuek ere animatzen zaituztegu euskara ikasteko deialdia lau haizetara zabaltzera. Guk aurrera segituko dugu, AEKren helburuek tinko segitzen dutelako; ikerketek diotenez, euskarak 300.000 hiztun berri irabazi ditu azken hamarkadetan, eta heren bat euskaltegietatik etorri da. Beraz, ezinbestekotzat ikusten dugu matrikulazio kanpaina indartsua egitea.

Azkenik, amaitu aurretik, azpimarratu nahi dugu erakunde askok  diru-laguntzak ematen dituztela. Nafar Gobernuak bertako herritar guztiei ematen die euskara ikasteko laguntza. Obanos, Mendigorria, Gares, Biurrun-Olkotz eta Ziraukiko udalek Izarbeibarren; Estellerrian:  Lizarra, Antzin, Abartzuza, Lezaun, Jaitz,  Villatuerta eta Leringo udalek; Bailara hauek: Deierri, Gesalatz, Allin eta Metauten; Andosillako udalak eta Hablamos proiektua Lodosan. Errigora egitasmoari esker ere, datorren ikasturtean, AEK ikasle izateagatik ematen zen beka eremu handiagora zabalduko da. Ezin esan diru kontua dela arazoa!

Bestalde eta bukatzeko, gure metodologia ezagutzeko Ordu bat doan eskainiko dugu ondorengo maila, data eta orduetan:

– Lizarrako AEKn, ezer ez dakitenentzat:

*Irailaren 27an, astelehenarekin, 18:30ean .

* Irailaren 28an, asteartearekin,  10:30ean

– Lodosako AEKn,  A2 maila:

*Irailaren 14an, asteartearekin,  20:00etan.

Gainera, aurreko ikasturteetan bezala, Deierriko udalak dastatze ikastaroa eskaintzen ari da. A1-A2 maila. Irailaren 21, 22 eta 23an, 18:00etatik-20:00etara.

Azken hauetan izena ematea ezinbestekoa da.

 

 

 

 

NOTICIAS RELACIONADAS